Ikasturte honetan ere euskara maila hobetu edo hizkuntza ikasteko aukera izango da Galdakaon. Udal Euskaltegiak eta AEK Barandiaran Euskaltegiak matrikulazio epea zabaldu dute dagoeneko.
Ikasturte berria hasiko dute laster Galdakaoko euskaltegiek eta horretarako matrikulazio epea zabaldu dute dagoeneko.
Udal Euskaltegiak maila guztietako ikastaroak eskainiko ditu, A1 eta C2 bitartera, ordutegi malguekin, astean bi, hiru edo lau eguneko aurrez aurreko taldeetan, eta ikasleek aldizkako tutoretzak adosteko aukera ere izango dute.
Horrez gain, maila ertain eta altuko mintza taldeak izango dira, baita 65 urtetik gorako pertsonei bereziki zuzendutako taldeak ere. Eskaintza autoikaskuntza bidez ikasteko aukerarekin osatuko da.
Matrikulazio epea irailaren 2tik 27ra egongo da zabalik eta Udal webgunearen bidez egin ahal izango da izapidea. Ikastaroak urrian hasiko dira eta ekainera arteko iraupena izango dute. Ikastaro bakoitzari buruzko informazio zehatza webgunean kontsulta daiteke.
Hobariak
Matrikularen kostua arintzeko, Galdakaoko Udalak hainbat hobari ezarri ditu. Hala, irailaren lehen hamabostaldian matrikula egiten dutenek %25eko deskontua izango dute, eta familia unitate bereko kide bat baino gehiago matrikulatuz gero deskontuak ere izango dira.
Bestalde, langabeek eta DEB jasotzen dutenek 20 eta 5 euroko matrikula ordainduko dute, hurrenez hurren. Gainerako kolektibo jakin batzuek, berriz, IPREMaren araberako %30eko, %50eko edo %85eko hobariak izango dituzte, horien artean guraso bakarreko familiak, familia ugariak, genero indarkeriaren biktimak, dibertsitate funtzionala duten pertsonak eta euskara hizkuntza ofiziala ez den tokietatik etorritakoak. Kirol, aisialdi eta jantokiko begiraleek, merkatariek eta ostalariek ere %25eko hobaria izango dute.
Informazio gehiago eskuratzeko Udal Euskaltegiarekin harremanetan jarri ahal izango da 944 566 174 telefonoan, euskaltegian bertan edo euskaltegia@galdakao.eus helbidean. Aurrez aurreko arreta astelehenetik barikura eskainiko da, 09:30etik 14:00etara, eta eguazten eta eguenetan 16:30etik 19:30era ere bai.
Barandiaran AEK
Bestalde, AEK Barandiaran euskaltegiak ere zabaldu du dagoeneko 2026-27 ikasturterako matrikulazio epea, eta hila bukatu arte egongo da zabalik. Izena aurrez aurre eman ahal izango da Barandiaran kaleko 8. zenbakian edo AEKren webgunearen bidez.
Euskara ikasteko dirulaguntza eta hobariak ere badaude, eta baldintzak eta informazio guztia AEKren webgunean, 944564119 telefonoan, @barandiaran@aek.eus helbidean edo euskaltegian bertan kontsulta daitezke.




