Gaurtik eguenera bitarte pelikula bat grabatzen ari dira Galdakaoko Bilbo kaleko etxe batean. Udaletxe ondoko aparkalekuko zama lanetarako gunea eta alboko sei aparkalekuak okupatuta egongo dira grabaketan zehar.
Galdakaoko Bilbo kaleko etxe batean ari dira grabaketa lanetan, eta, hori dela eta, udaletxearen ondoko aparkalekuko zama lanetarako gunea eta alboko sei aparkalekuak okupatuta egongo dira aste honetan.
Hain zuzen, gaur goizetik eta osteguneko 03:00etara bitarte egongo dira erreserbatuta plazak. Gainerako aparkalekuetan, berriz, ohiko moduan aparkatu ahal izango da.
Ekoizpen taldeak grabaketarako hainbat ibilgailu erabiliko ditu: arrapala duten lau kamioi, 11 metroko beste bat, zama furgoneta bat, ekoizpenerako hiru furgoneta eta hamar bat turismo. Horretarako, erreserbatutako eremuaz gain, udal ordezkarientzat gordetako aparkalekuak ere erabiliko dituzte. Hala ere, ibilgailu guztiak ezin izango dira eremu horietan kokatu, eta ekoizpen taldeak inguruko beste leku batzuetan aparkatu beharko ditu gainerakoak.
Horrez gain, filmaketaren ondoren desmuntaketa lanak egingo dituzte. Horretarako hamar metroko espazioa erreserbatuko da Bilbo kaleko eta ESAN herritarren arretarako bulegoaren parean. Lan horiek azaroaren 16an, astelehena, bukatzea aurreikusten da.
Udalak eragin horiek ahalik eta txikienak izateko neurriak hartu ditu eta, hala ere, aparkalekuko ohiko erabiltzaileei egun horietan izango diren mugak kontuan hartzea gomendatu die.




