Galdakaoko Udalak sukaldean erabilitako olioa birziklatzeko ohitura sustatzeko kanpaina jarri du martxan. Horren baitan, herriko edukiontzi laranja guztiei globo sortak jarri dizkiete alboan, errazago identifikatzeko.
Sukaldean erabilitako olioa, esaterako, harraskatik edo komunetik botatzeak kalte handiak eragin ditzake saneamendu sarean. Behar bezala bereizita, berriz, baliabide bihur daiteke. Hori gogorarazteko eta herritarren kontzientziazioan eragiteko, Galdakaoko Udalak «Laranjarekin bat egin» kanpaina jarri du martxan.
Horren bidez, bilketa puntuak ikusgarriago egongo dira; izan ere, herriko edukiontzi laranja guztiei globo sortak jarriko zaizkie alboan, errazago identifikatzeko. Gainera, Galdakaoko hainbat markesinatan kanpainaren irudia eta QR kodea jarriko dira. Horixe eskaneatuta, herritarrek olio edukiontzien kokapena erakusten duen mapa interaktiboa kontsultatu ahal izango dute, hurbilen duten puntua aurkitzeko.
Horrez gain, 500 informazio triptiko ere banatuko dira herriko hainbat tokitan, bilketa prozedura eta olioa hustubidetik ez botatzeko arrazoiak ezagutarazteko. Sukaldeko landare olioa birziklatzeko prozedura, berez, erraza da: olioa hozten utzi, plastikozko botila batean sartu, ontzia ondo itxi eta edukiontzi laranjaren barruan utzi.
Lan hori errazteko, gainera, olioa botiletara isurtzen laguntzen duten inbutuak ere banatuko ditu Udalak. Informazio esku orriak zein inbutuak udaletxean, Torrezabal Kultur Etxean, Urreta kiroldegian eta Aperribaiko liburutegian egongo dira eskuragarri.
Galdakaon, urte hasieratik, 8.687 kilo erabilitako sukaldeko landare olio bildu dira. Bildutako olioa baimendutako kudeatzaile bati ematen zaio, biodiesela ekoizteko erabil dezan eta horrela, hondakina baliabide bihurtzen da, eta, aldi berean, saneamendu sarean koipe pilaketak, buxadurak eta arazketa arazoak saihesten dira.




