Galdakaoko Udalak Errekalde eta Elexalde auzoetan saneamendu sarea eraikitzeko lanak hasi ditu. Bi auzoetako hondakin urak udal sarera bideratzeko lanek zortzi hilabete inguruko iraupena izango dute.
Galdakaoko landa eremuetako batzuetan ez dago saneamendu sarerik eta azpiegitura hori jartzeko lanean ari da Udala azken urteetan. Zeregin horretara diru partida bat bideratzen du urtero eta aurten, 500.000 euro izango dira.
Errekalde eta Elexalde auzoetako hondakin urak udal sarera bideratzeko azpiegitura eraikitzen ari da orain, eta horrela eremu horietako etxebizitzen hondakin uren kudeaketa hobetuko da.
Orain arte Errekaldeko etxebizitza gehienek ez dute hondakin ur.ak biltzeko kolektore sarerik izan. Horren ordez, ur horiek banakako hobi septikoetan jasotzen dira, edo zuzenean lurzoru naturalera edota auzora sartzeko bidearen paraleloan doan Basabe ibaira isurtzen dira. Horrek ingurumenari zuzenean eragiten dio, hondakin urak behar bezala bildu eta tratatu gabe isurtzen baitira.
Elexaldeko saneamendu sareari dagokionez, Aldatze Taldeko urbanizazioaren hegoaldeko zatia baino ez dago udal sareari lotuta. Auzoaren mendebaldeko hegalean dauden etxebizitzetako hondakin urak Errekalderantz bideratzen dira, eta, modu batera edo bestera, horiek ere Basabe ibaira iristen dira.
Saneamendu sare berriak bi auzoetako hondakin urak bildu eta udal sarera eramatea ahalbidetuko du. Horrela, gaur egun dauden saneamendu arazoei irtenbidea emango zaie eta hondakin uren kudeaketa hobetuko da. Lanak dagoeneko hasi dira, eta zortzi hilabete inguruko iraupena izatea aurreikusten da.
Hirigunetik landa eremurako sarbidean zegoen euste horma berritzeko ere baliatu dira lanak. Izan ere, aurreko horma hondatuta zegoen zenbait tartetan, eta, haren ordez, horma berria eraiki da, bidearen ondoko lurrari behar bezala eusteko eta inguruko lurraren egonkortasuna hobetzeko. Hala, eremua egonkortzeaz gain, «auzokideen joan etorrietarako segurtasun handiagoa ere bermatuko da», Udalaren esanetan.




