Nerea Perez: «Hiri erraldoia da hau, baina ez dago Somerarik Budapesten!»
Nerea Perez Odriozola, Budapesteko galdakoztarra
BINKE / 2020ko urtarrila
«Hiri erraldoia da hau, baina ez dago Somerarik Budapesten!»
Sortzez: Galdakaokoa, Kurtzea ingurukoa.
Gaur egun: Budapesten, Hungarian.
Jaiotza urtea: 1996.
Ikasketak: Industria Teknologikoaren Ingeniaritza Gradua.
Zertan dabil: gaur egun Erasmus planaren barruan Industria Ingeniaritzako masterraren bigarren urtea egiten dabil.
Zerk eraman zintuen herritik alde egitera? Zaila da arrazoi bakarra aurkitzea. Alde batetik beste unibertsitate batean ikasteko gogoak, beste kultura bat ezagutzeko grinak. Bestetik, errutinatik irteteko eta nire bizitzan esperientzia berriak bizitzeko gogoak ekarri ninduen Budapestera.
Zeintzuk dira bizi izan dituzun aldaketarik nabarmenenak? Gezurra dirudi, baina supermerkatuko janaria da aldaketa nabarienetarikoa. Kultura desberdina izatean, bizitzeko era ezberdinak ditugula igartzen dut. Hala ere, Europako herrialde bat izatean desberdintasuna ez da hain nabaria; gainera, nire pisukideak euskaldunak direnez, herritik hurbil sentitzen naiz urrun egon arren.
Zer du zure oraingo herriak, Galdakaok ez duena? Eta alderantziz? Gauza lar. Budapest hiri erraldoia da, Europako herrialde turistikoenetarikoa. Egun osoan zehar bizirik dago, astegunak barne. Danubio inguruan ibiltzea, parlamentua eta Budako gaztelua gabez argituta ikustea zoragarria da. Baina bestalde, ez dago Somerarik Budapesten!
Zeren falta sumatzen duzu han? Nire familia, lagunak eta nire bikotea, batez ere. Nahiz eta hemen ezagutu dudan jendea ikaragarri maite dudan, ingurukoen falta igartzen da…
Zer gomendatuko zenioke zure herritar bati, han bisitatzeko? Hiri osoa ikaragarri polita da. Kateen zubia, parlamentua eta gaztelua leku turistikoenak dira baina magia kaleetatik zehar ibiltzean igartzen da. Auzo judutarra, ruin-pub-ak, Citadela mendira igotzea eta hiri guztia bertatik ikustea dira nire ekintza gustukoenak hemen.
Gure herriaz hitz egiten badiezu hangoei, zeren inguruan aritzen zara bereziki? Inguruko paisaiaz, aisialdirako kultura desberdinaz eta herri baten parte izatearen sentimenduaz bereziki.
Zer dakite gure herriaz? Bilbotik gertu dagoen herri bizi bat dela. Herritarrek herriko ekintzetan parte hartzen dutela. Gainera, Bilbotik gertu egon arren autonomia propioa du eta mendiz inguratuta dagoenez, ibilaldi ederrak egiteko aukera dagoela esaten diet Galdakaoren inguruan.
Zer zenekien zuk hangoaz? Orain dela lau urte izan nintzen Budapesten lehenengoz, 19 urte nituela. Hiri polita eta mugimendu handikoa zela nekien, bai bisitatzeko bai bertan bizitzeko… Baina askoz gehiagorik ez. Orain nabil hori eta gehiago ikasten hemen!
Zeintzuk dira zure etorkizunerako asmoak? Galdakaora bueltatzen naizenean Masterra bukatu eta automatika arloan egingo dut nire master amaierako lana. Ostean, uda ondoren posible bada, lanean hasteko asmoa daukat, etxetik hurbil. Beraz, nire etorkizuneko asmoa Euskal Herrira itzultzea da!