Greba egunetako isunak jasotzen ari dira Maxameko langileak
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Aitzol Zamalloa
Bost hilabete pasa dira Maxam lehergaien enpresako langileek 30 eguneko greba egin zutenetik, eta lanuzte hartan Ertzaintzak egindako identifikazio batzuen ondorio iristen ari diren isun batzuk salatu ditu enpresako SIX sindikatu independenteak.
Martxoaren 17an 30 eguneko greba amaitu zuen Maxam lehergaien enpresa galdakoztarreko langileen gehiengo handi batek. Lanuzteetako kontakizun zabala egin zuen Binkek orduan, eta tartean Ertzaintzarekin liskarrak eta identifikatzeak izan zirela ere kontatu zuen.
Tentsio handiko egoeraren bat gertatu bazen ere, orokorrean ez zen ezer larririk gertatu, baina Maxameko SIX sindikatuak Binkeri jakinarazi dionaren arabera, identifikazio horien ondorioz isun batzuk iristen ari zaizkie langile batzuei. Isun horiek «identifikatu gura ez izateagatik eta errespetu faltagatik» omen dira, aipatutako sindikatuaren arabera.
Hainbat langileri iritsi zaizkie multak, eta guztira 1.404 eurokoak direla azpimarratu dute enpresako sindikatu independentetik, «baina arin ordaintzearren erdira jaitsi daitezke». Kopuru hori, «eta etor daitezkeenak», guztien artean ordaintzeko proposamena egin du SIXek, eta era berean eskerrak eman lanuztean antolatu zuten paella solidarioan bere ekarpena egin zuten langile, senide eta langile ohiei, «horrek ere lagunduko duelako ordaindu beharreko isunak ordaintzen».