ABAO Txikirako sarrerak banatuko ditu Galdakaoko Udalak herritarren artean
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Arriaga Antzokia
‘Pedro eta otsoa’ haurrentzako operarako 26 sarrera jaso ditu Galdakaoko Udalak ABAOren eta Bizkaibusen eskutik, eta herritarren artean banatuko ditu. Zozketa bitartez egingo du eta bihar arte, azaroak 21, eman daiteke izena parte hartzeko.
Haurrei zuzendutako Bilboko opera bereziak, ABAO Txikik, asteburuan hasiko du denboraldia eta Galdakaoko Udalak 26 sarrera jaso ditu domeka honetako emanaldirako. ABAO opera elkartearen eta haren babesle den Bizkaibusen eskutik jaso ditu sarrerak, eta Udalak, herritarren artean banatzea erabaki du.
Emanaldia Bilboko Arriaga antzokian izango da 12:00etan, eta ‘Pedro eta otsoa’ izango da eskainiko den ikuskizuna. Euskarazko lan hau adimenari eta ausardiari buruzko istorioa da, musika eta txotxongilo argitsuak dira benetako protagonistak, eta haurrei orkestra bateko instrumentuak erakusteko sortuta dago
Honetarako sarrerak bikoitzak zozketa bitartez banatuko ditu Galdakaoko Udalak eta parte hartzeko izena eman daiteke bihar arte, azaroak 21, abaotxikizozketa@galdakao.eus helbidera emaila idatziz datu hauekin: izen-abizenak, NANa eta telefono zenbakia. Udalak bariku goizean egingo du zozketa eta saridunei zuzenean jakinaraziko die sarrerak lortu dituztela.