Modu erabat bolondresean hamaika saltsatan inplikatuta bizitza osoa eskaini duen galdakoztarra, Agurtzane Yurrebaso, hil berri da bariku arratsalde honetan, 90 urte betetzeko zituela.
Bereziki Galdakaoko hamaikatxo borroketan murgilduta bizitza osoa eman duen Agurtzane Yurrebaso militante historikoa hil da bariku arratsalde honetan, azaroaren 16an 90 urteak betetzeko zituela, sendiak BINKEri jakinarazi dion moduan.
Giza eskubideen aldeko herrikidea izan da Yurrebaso. Geugaz elkartean euskal presoen alde, Caritasen, minbiziaren aurkako elkartean, memoria historikoaren alde —tropa faxisten biktima izan zen—, Binkekidea zen, elizaren alde eta katekesia eskaintzen 40 urte eman zituen…
Ordu mordoa egin izan ditu galdakoztarrak musutruk. ‘Musutruk’, agian berbaren zentzurik literalenean, musuak eman eta jasotzea oso gustuko baitzuen Agurtzanek. Horregatik ere bazen ezagun, lehenengo berba euskaraz, batekoentzat zein bestekoentzat baitzuen beti irribarre zabal bat eskaintzeko.
Bere senar Miguel Agirrerekin batera —Agirre 2023ko ekainean zendu zen—, ‘bikote geldiezintzat’ izendatu zituen BINKEk 2020ko ekainean egindako elkarrizketan, biak baitziren Galdakaon ezagun, biak baitziren —eta baitira— Galdakaon oso pertsona maitatuak.
Hedabide honi eskainitako elkarrizketa nagusi hartan, eta BINKEk ea gelditzeko asmorik zuten galdetu zienean, Agurtzanek berak irmoki erantzun zuen galdera euren Bekeako baserrian, irribarrea ahoan: «Gelditu? Hori pentsatu bez! Bizi garan artean gauzak egin behar dira, hori da-eta bizirik gagozanaren seinalerik handiena!».
Orain, Agurtzane Yurrebasori iritsi zaio gelditzeko unea, baina herrian beti geratuko da berak utzitako maitasunaren eta lanaren fruitua. Gugan bego, Agurtzane.




