Ainhoa Agirregoikoa izango da Galdakaoko EAJren alkategai berria
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Galdakaoko EAJ
Euzko Alderdi Jeltzaleak, 2015etik Galdakaoko zinegotzi den, Ainhoa Agirregoikoa aurkeztu berri du datozen udal-hauteskundeetarako alkategai. Ondoko albistean laburtu du Binkek bere ibilbidea Udalean.
Urtea amaitu aurretik, Auzoak plataformak eta Usansolo Herriak egingo dutena jakiteko faltan, Galdakaok ezagutu ditu honezkero datozen udal-hauteskundeetara alderdi politikoek aurkeztuko dituzten alkategaiak. Gaur Euzko Alderdi Jeltzaleak egin du: Ainhoa Agirregoikoa Maguregi (Galdakao, 1972).
Psikologian lizentziaduna eta Gizarte Lanetan masterduna da Agirregoikoa. Urreta auzoan bizi da eta Galdakaoko EAJren Udal Taldeko kidea da 2015etik. Ibon Uribe alkate jeltzalearen bigarren legegintzaldian Kultura zinegotzi ere izan zen egungo zinegotzia. 2019tik gaur egunera arte zinegotzi lanak egin ditu Kultura, Kirola, Gazteria eta Euskara batzordeetan. 2022tik aurrera EAJ-PNVren bozeramaile da Galdakaoko Udalean eta Hirigintza, Herri lanak eta Zerbitzuak batzordeetan parte hartu du.
EAJk bidalitako oharraren arabera, Ainhoa Agirregoikoak «hautagaitza onartu du EAJ-PNVren proiektua herritarren ekarpenekin aberasteko eta beritzeko gogoz, bere herrikideen konfiantza auzoz auzo irabaziz, zerbitzu hobeak eta bizi kalitate hobea eskaini ahal izango dituen Galdakao herria gobernatzeko ilusioarekin».