Alokairuaren prezioen erreferentzia indizea indarrean sartu da Galdakaoko Aperribai eta Jugu auzoetan, eta sistema horri esker bi auzoetan alokairuak mugatu ahal izango dira. Albiste honetan batu ditugu etxebizitza bakoitzaren prezio zehatza ezartzeko kontuan hartuko diren ezaugarriak.
Galdakaoko Udalak duela bi urte inguru eskatu zuen herriko 2. eremua —Aperribai eta Jugu auzoak hartzen dituenak— eremu tenkatu izendatzea, horrek bakarrik betetzen baitzituen ezarritako baldintzak.
Izendapen ofiziala hurrengo urteko apirilean jaso zuen, —Bizkaian Bilbok, Barakaldok eta Galdakaok baino ez dute jaso izendapena— baina orain arte ezin izan da neurririk aplikatu, erreferentzia indizea onartu gabe zegoelako.
Orain ordea, Espainiako Gobernuaren alokairuen prezioen erreferentzia indizea indarrean sartu da Bizkaian, eta tartean Galdakaon. Horri esker beraz, Aperribai eta Jugu auzo galdakoztarretan alokairuen prezioa mugatu ahal izango da.
Erreferentzia indizea eremu tenkatuetako alokairu kontratu berrietan hartuko da kontuan zehazki, nahiz eta aplikazioa kasuaren arabera desberdina den.
Azken urteetan alokatuta egon diren etxebizitzetan, kontratu berrietako prezioek ezin izango dute aurreko kontratuetakoa gainditu, dagozkion eguneratzeak ez badira. Bestalde, azken bost urteetan alokairuan egon ez diren etxebizitzetan, prezioa indizeak ezarritako tartera egokitu beharko
da.
Era berean, muga hori etxe asko dituzten jabeei ere aplikatuko zaie, hau da, eremu tenkatuan bost etxebizitza edo gehiago dituztenei, etxebizitzaren aurreko egoera edozein dela ere. Gainera, sistemak erreferentzia gisa balioko du kontratua sinatu aurretik alokairuaren prezioari buruzko informazioa emateko.
Prezioen tarte orientagarriak
Prezioari dagokionez, Espainiako Gobernuak ez du modu publikoan zehaztu alokairuen gehienezko prezioa zein izango den Aperribain eta Jugun.
Galdakaoko Udalak bere aldetik, etxebizitza bakoitzaren ezaugarrien araberakoa izango dela adierazi du. Besteak beste, etxebizitza eraikitako urtea, horren egoera eta efizientzia energetikoko agiria izango dira kontuan prezioa zehazteko.
EITBko albistegietan ordea simulazioa egin zuten atzo, araudia martxan jarri zen egunean. Horren arabera, 740-750 euro inguruan egon daiteke Aperribain baldintza egokienak dituen etxebizitza baten alokairuaren gehienezko prezioa.
Etxebizitza zehatz baten prezio tartea ezagutzeko aukera dago Espainiako Etxebizitza eta Hiri Agenda Ministerioak eskuragarri jarri duen tresnaren bitartez, helbidea edo katastro erreferentzia sartuta, besteak beste.




