Andrea Mora Goazen saioko aktorea Eguzkibegi Ikastolan dabil antzerki irakasle
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Wikipedia
Goazen saioan parte hartzen duen Andrea Mora aktorea Galdakaoko Eguzkibegi Ikastolan dabil antzerki irakasle. Abenduan hasi zen Lehen Hezkuntzako lehenengo eta bigarren mailako haurrei klaseak ematen eta ikasturte amaierara arte egongo da Eguzkibegin.
Eguzkibegi Ikastolak antzerki klaseak eskaintzen ditu eskolaz kanpoko ekintza gisa eta abendutik aurrera irakasle berezia izaten ari dira umeak: Goazen saioan parte hartzen duen Andrea Mora aktorea.
Basauriko Kreatiba Antzerki Eskola aritzen da Mora Nerea Larrazabalekin batera eta azken honek Lehen Hezkuntzako hirugarren, laugarren, bosgarren eta seigarren mailako ikasleei ematen die klaseak eguaztenetan. Mora aldiz Lehen Hezkuntzako lehenengo eta bigarren mailako ikasleekin aritzen da martitzen eta barikuetan.
Larrazabalek BINKEri azaldu dionez, klase hauetan lantzen duten metodologia sormenean oinarritzen da, eta jolas eta ariketa ezberdinen bitartez antzerkiaren munduan murgiltzea da helburua. «Horretarako, disziplina ezberdinetatik mugitzen gara; gorputz adierazpena,dantza,musika, ahotsaren ezagupena eta noski antzerkiaren kolore guztiak», adierazi du irakasleak.
«Lehenengo eta behin antzerki klasea beroketa batekin hasten da, gero jolasak talde lana indartzeko eta azkenik, improbisaketa eta ariketa ezberdinen bitartez, egunean landu nahi dugunera hurbiltzen gara», azpimarratu du.
Ikasi duten guzti hau kurtso amaieran erakutsiko diote publikoari, «egindako lanari bizitza emateko eszenatoki gainean».