Ane Legarretak sortutako ESAS ekimenak hitzarmena sinatu du EHU eta Musikenerekin
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: ESAS
Ane Legarreta galdakoztarrak sortutako ESAS ekimenak hitzarmena sinatu du EHU eta Musikenerekin. Akordio honen bitartez ESAS-Musikene Saria sortu dute, musika klasikoan sortzen den genero-desberdintasuna aztertzeko helburuz.
Duela bi urte sortu zen Emakume Sortzaile eta Artisten Sarea (ESAS) Ane Legarreta musikari galdakoztarraren eta beste hainbat emakume sortzaileren eskutik. Ordutik, genero-berdintasuna bermatzeko lan egin dute eta bide honetan jarraitzeko helburuz, harremana sendotu du ekimenak EHU eta Musikenerekin.
Zehazki, ESAS-ek hitzarmena sinatu du erakunde biekin, «kulturaren eta hezkuntzaren bidez genero-berdintasunarekiko eta justizarekiko konpromisoa azpimarratzeko».
Bide honetan, ESAS-Musikene Satia sortu dute, musika klasikoan sortzen den genero-desberdintasunari buruzko ikerketa sustatzeko eta datu objektiboak lortzeko ekimen bateratua.
Helburua «esparru akademikoan genero-ikuspegia txerta dadin sustatze eta ezaugarri horiek dituzten gradu-amaierako lanik onenak aitortzea» da.
Parte hartzeko gradu amaierako lanek 9ko kalifikazioa edo handiagoa izan behar dute ekaineko deialdian eta gai feminista bati heldu behar diote, genero-analisiak egin eta sexu-aldagai sartuz ikerketa osoan.
Sariaren lan irabazlea beste ingurune eta komunikazio-kanal batzuetan zabalduko da eta egileak Inge Conde konpositore eta artista plastikoak egindako tirada bakarreko lamina zenbakiduna jasoko du.