Ane Legarretak sortutako ESAS ekimenak Zirgari saria jaso du
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: ESAS
Bizkaiko Foru Aldundiak eta BBK-k aurtengo berdintasunerako Zirgari Sariak banatu dituzte. Besteak beste, Ane Legarreta galdakoztarrak sortutako ESAS ekimena saritu dute, kulturaren arloan berdintasunaren alde egiten duen lanagatik.
Duela bi urte sortu zen Emakume Sortzaile eta Artisten Sarea (ESAS) Ane Legarreta musikari galdakoztarraren eta beste hainbat emakume sortzaileren eskutik. Urte hauetan kulturaren arloan berdintasuna lortzeko lan egin dute, hainbat ekimen antolatuz.
Lan hau nabarmendu nahi izan dute Bizkaiko Foru Aldundiak eta BBK-k eta aurtengo berdintasunerako Zirgari saria eman diote ESASi. Gaur eman dituzte zortzigarren edizio honetako sariak, Bilboko BBK aretoan antolatutako ekitaldian.
AMUGE Bizkaiko emakume ijitoen lehen elkartea eta Sara Estévez kazetaria izan dira beste sarituak Bizkaiko Foru Aldundiaren eta BBK-ren eskutik.
Teresa Laespada Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Saileko foru diputatua izan da ekitaldian eta saritutako elkarteen lana nabarmendu du. «Berdintasuna ez da benetakoa gure gizartean, berniza baino ez da eta, beraz, emakumeen eskubide eta askatasunen aldeko aldarrikapenak bidezkoak eta beharrezkoak dira oraindik», adierazi du.
Bestalde, Nora Sarasolak, BBK erakundearen Gizarte Ekintzako zuzendariak, ziurtatu du «oraindik ere bide luzea dago emakumeek ekonomia eta enpresa arloko erabaki-foroetan duten parte-hartze aktiboan, bai eta zuzendaritza-postuetan eta administrazio-kontseiluetan emakumeek duten presentzian ere».