Auzokideek sarritan egin duten eskaerari erantzunez, Aperribai eskolaren behealdeko espaloia zabaldu egingo du Udalak. Helburua oinezkoen pasabidea irisgarriagoa egitea da.
Aperribai eskolaren beheko aldean dagoen bidea irisgarriagoa izango da laster, Udalak iragarri duenez, auzokideek sarritan egin duten eskaerari erantzunez.
Gaur, ekainak 29, hasiko dira oinezkoen erosotasuna eta segurtasuna hobetzeko lanak. Zehazki, jarduketak ikastetxetik maldan behera dagoen tartean egingo dira, bi oinezkoentzako pasabideen artean, 12., 13. eta 14. atarien atzealdean. Esku-hartzea hiru hilabetez luzatuko da.
Obraren helburua da oinezkoentzako bidea zabaltzea, egun dagoen espaloia oso estua baita. Horretarako, espaloia eta galtzada altuera berean jarriko dira, oinezkoentzako espazio erabilgarria handituz eta joan etorriak erosoagoak eta seguruagoak bihurtuz.
Antolamendu berriarekin, ibilgailuen zirkulazioa bi noranzkoetan mantenduko da, lehentasuna N-634 errepiderantz doazen ibilgailuek izango dutelarik.
Obrek iraun bitartean, bidea bi noranzkoetan mantenduko da zabalik ibilgailuentzat. Hala ere, lanak behar bezala egin ahal izateko, trafikoa txandaka bideratu beharko da aldizka, dagokion seinaleztapenaren bidez adierazita. Halaber, kale mozketa puntualak eta inguruko garajeetarako zein kaleetarako sarbideak une oro behar bezala seinaleztatuta egongo dira, herritarren joan etorriak ahalik eta gehien errazteko.
Obrek beste eragin zuzen bat ere izango dute inguruko zirkulazioan: 14., 15., 16. eta 17. atarien atzetik igarotzen den bigarren mailako bidea itxita egongo da lanek iraun bitartean. Bide horrek obren eremutik du sarbidea eta Aperribaiko osasun zentrorako igoeran amaitzen da.
Obra UTE Belako Lanak enpresak egingo ditu eta telefono bidezko arreta izango du obrarekin zerikusia duen edozein gorabehera konpontzeko: 607843201 edo 607803299.
Udalak «sor daitezkeen eragozpenak sentitzen ditu eta herritarren ulermena eta lankidetza eskertzen du aldez aurretik, esku-hartzearen helburua oinezkoen mugikortasuna, irisgarritasuna eta segurtasuna hobetzea dela kontutan hartuta».




