Argiñe Belakortu Lekue, Australiako usansolotarra
BINKE / 2021eko martxoa

«Covida ez da Australiara heldu eta normal bizi izan gara beti»

Sortzez: Usansolotarra.
Gaur egun: Gold Coasten, Australian 2019tik.
Jaiotza urtea: 1993.
Ikasketak: Jarduera Fisikoa eta Kirolaren Zientziak.
Zertan dabil: gaur egun Australian dabil Argiñe, ikasten, lanean eta errugbian jokatzen.

Zerk eraman zintuen herritik alde egitera? Arrazoi pertsonalek baita akademiko eta profesionalek be. Erronka barri baten bila ibili nintzan, nire ikasketak gura nebazan hedatu, ingelesa hobetu eta errugbian jokatzen jarraitu. Australia aukeratu neban guzti hau batzen ebalako.

Zeintzuk dira bizi izan dituzun aldaketarik nabarmenenak? Asko! Goazen puntuz puntu: Gold Coasten eguraldi ona egiten dau beti eta eguna Euskal Herrian baino arinago hasten da. Goizeko seiretarako hondartzak beteta dagoz, eguerdiko hamabietan bazkaltzen da eta denda gehienak arratsaldeko bostetarako zarratuta dagoz. Bizimodua be desberdina da, ikasle atzerritar asko gagoz hamen. Biztanle kopurua Usansolokoagaz konparatuz ehun bider handiagoa bada be, dentsitatea hiru bider baxuagoa da. Eta hizkuntza, zer esanik be! Harremanak egunero ingelesez sortzea erronka handia da. Abentura ederra! Ekonomikoki be, bizitzeko maila altua da, eta soldatak astero edo bi asterik behin kobratzen dira. Eta errugbian be nibela oso altua da, baina baita parte-hartzea be!

Zeren falta sumatzen duzu han? Familia, lagunak, nire txakurrak, berbenak, gure ohiturak eta bazterrak. Tarteka hotza, eta batez be pernile, piperrak, aititeren babea eta amamaren kroketak be igarten dodaz faltan! (barreka) Ez igartzeko moduan, ezta? 

Zer gomendatuko zenioke zure herritar bati, han bisitatzeko? Australia mailan, Uluru aborigenen mundua ezagutzeko, Tasmania aurora borealak, pinguinoak eta paisaia espektakularrak ikusteko, Port Lincoln tiburoi zuriekaz uretara sartzeko, Darwin kokodrilo eta ornitorrikoak topatzeko, eta nire gustokoena, Magnetik Island. Txori, tximeleta, koala eta wallabiakaz lasai egoteko irla txiki magikoa da!

Gure herriaz hitz egiten badiezu hangoei, zeren inguruan aritzen zara bereziki? Nire jendeaz eta gure ohiturez. Euskeraz be erakusten deutsiedaz laupabost berba!

Zer dakite gure herriaz? Ba normalean Euskal Herria non dagoan be ez dakienez, mapan kokatzen dot eta gure historia kontatzen deutsiet. Usansolori jagokonez, gaur egungo Galdakaorekiko egoera azaltzen dot.

Zer zenekien zuk hangoaz? Ez asko. Errugbian eta surfean trebeak zirala, irakaskuntza maila ona eukiela eta animalia mundua izugarria zala…

Zeintzuk dira zure etorkizunerako asmoak? Bidaiatzen, ikasten eta errugbian jarraitzea. Non? Ez dakit. Momentuz pozik nago Gold Coast-en. Gainera Covid19-a hona ez da heldu eta normal bizi izan gara beti, musuko barik. Beraz gitxienez egoera hau amaitu arte ez daukat Australia ixteko asmorik!