Bertan Behera kuadrila @bertanbehera
BINKE / 2020ko iraila

«Txosnetako musikak aniztasun gehiago beharko luke»

GALDERAK: Erdu Hona kuadrila @erduhona

Zergatik Bertan Behera? Denboraldi bat egon zen, non pentsatzen genituen plan guztiak ez ziren inoiz egiten, gehienbat mundu guztia azkeneko momentuan ezetz esaten zuelako; eta horregatik erabaki genuen izen hori jartzea.

Aurten zuen kuadrilaren izena berri guztietan atera da, zelan daramazue zama hori meriturik ez daukazuela jakinda? Gugatik arduratuta bazaudete, lasai egon. Ez dugu zamarik igarri, gainera, ospetsu izatera ohituta gaude.

2021eko Santakurtzak ospatu ahal izateko kuadrila bat desagertu beharko balitz, zein aukeratuko zenukete? Ezin gara ados jarri galdera horri erantzun zehatz bat emateko; gainera, ez dugu etsai berririk sortu nahi. Horregatik, hobe dugu isilik egotea.

Zein da zuen eztabaidatzeko arrazoirik nagusiena? Momentura arte izan dugun eztabaidarik nagusiena txamian geneukan berogailu batengatik izan da. Askotan momentu horretaz oroitzen gara, baina horren inguruan eztabaidatzen hasten bagara ez genuke inoiz amaituko…

Zein abesti esango zenukete ezinbestekoa dela Santakurtzetan? Eta zein kenduko zenukete? Ez daukagu nahitaez jaietan egon behar den abesti zehatzik, baina gure iritziz, txosnetako musikak aniztasun gehiago beharko luke, eta baita abesti eguneratuagoak ere. Kuadrilako kideen artean hainbat musika estilo entzuten dira, baina guztioi gustatuko litzaiguke reggeatoi gehiago entzutea.

Zerbait positiboa aterako zenukete aurtengo jaien egoeratik? Aurtengo jaiak ospatu ezin izateak hurrengo urtekoak gogo gehiagorekin hartzea eginaraziko digula uste dugu. Hori da atera dezakegun mezu positibo bakarra, izan ere, daukagun egoera ez da hoberena oraintxe bertan, eta gure burua eta ingurukoak zaintzea da garrantzitsuena.

Gure filiala zaretela diote, zuen burua horrela ikusten duzue? Bueno, oraindik asko geratzen zaigu ikasteko, baina baietz esan dezakegu. Hori bai, esan beharra daukagu plazer bat dela zuen pausuak jarraitzea. 

Jaietako frogaren bat sortzekotan, zein motatakoa izango litzateke? Gure ustez, Playbackean argi utzi genuen dantzatzeko jaio ginela, beraz, zuen ondorioak atera itzazue.

2021. urteari begira, mezuren bat daukazue Galdakaoko kuadrilentzako? Bai, inoiz baino indartsuago bueltatuko garela, urte oso bat daukagu jaietako frogak prestatzeko, eta adi egon daitezela Patxikukoak eta zuek ere bai, hurrengo urtean lehenengo postuaren bila joango gara-eta! 

Galdakaoko kuadrila guztiak galdera honen erantzuna jakiteko irrikitan daude: zenbatek ordaintzen duzue Pilar Leivako kuota? Hainbeste denbora pasatu denez eta hainbestek galdetu diguzuenez, bada garaia galdera horri erantzun zintzo bat emateko. Pilar Leivako kuota kuadrilako kide bakar batek ordaintzen du, baina beste guztiak talentuarekin jaio ginen.