Bi atxilotu Galdakaon 700 gramo haxix eta 75 gramo kokainarekin

Argazkia: Ertzaintza.

Aurrekariak dituzten gizon bi atxilotu zituen Ertzaintzak bariku gauean Galdakaon, autoan 700 gramo haxix, 75 gramo kokaina eta eskudirutan hiru mila eurorekin atzeman ostean. Ertzaintzaren iturriek zer gertatu zen eta nola atxilotu zituzten azaldu dute.

Bariku gauean, uztailak 24 zituela, 33 eta 43 urteko bi gizon atxilotu zituen Ertzaintzak Galdakaon, droga-trafikoko ustezko delitu bat egotzita. Bi atxilotuek polizia-aurrekariak dituzte, eta gidatzen ari ziren ibilgailuan atzeman zituzten, 700 gramo haxix tabletan, 75 gramo kokaina eta 3.000 euro eskudirutan zituztela.

Egun bereko bederatziak baino lehentxeago, uniformerik gabeko agente-patruila batek atentzioa eman zien ibilgailu bat ikusi zuen. Legez kanpoko substantziak kontsumitzen omen dituzten pertsonek maiz erabiltzen duten aparkaleku batean zegoen autoa.

Handik gutxira, ertzainak leku beretik igaro ziren, eta, haien presentzia ikusita, autoan zeuden bi pertsonak abiatu eta lekutik urrundu ziren. Egoera horren aurrean, patruilak «jarraipen diskretua» egitea erabaki zuen, Ertzaintzaren iturrien arabera, ertzain-etxeko gainerako patruilei ibilgailu susmagarriak hartutako kokapenaren eta norabidearen berri ematen zieten bitartean.

Minutu batzuk geroago, uniformedun patruila batek, ibilgailu ofizial batean zihoala, autoa aurkitu zuen N-634 errepidean, eta bidaiariek ohiz kanpoko jokabidea izan zutela ikusi zuen, eserlekuen atzean objektu bat ezkutatzen edo manipulatzen saiatzen ari baitziren. Aipatutako ibilgailua Aperribai auzoko aparkaleku batera eraman zuten ertzainek, bi bidaiariak behar bezala identifikatzeko.

Bi gizonak identifikatu ondoren, agenteek ibilgailua miatu zuten, eta barruan 100 gramo haxix zituzten zazpi plaka, 75 gramo kokaina zituzten hainbat poltsa eta hiru mila euroko diru-kopurua aurkitu zuten.

Substantziak, eskudirua eta ikusitako inguruabarrak kontuan hartuta, Ertzaintzak 33 eta 43 urteko bi gizonak atxilotu zituen, osasun publikoaren aurkako ustezko delitu bat egotzita.

Akusatuak ertzain-etxera eraman zituzten beharrezko izapideak egiteko, eta epailearen esku utziko dituzte polizia-kudeaketak amaitutakoan.

situs togel

situs toto