BIDEOA | Antzerkiaren barrunbeak ezagutzeko saioak eskainiko ditu Torrezabalek
Kultura
BINKE / 2022ko otsaila
Antzerkiaren barrunbeak ezagutzeko saioak eskainiko ditu Torrezabal Kultur Etxeak
TESTUA ETA IRUDIAK: Jon Gomez Garai
Ikusle izate hutsetik harago, arte eszenikoekiko interesa dutenentzako saioak eta umorezko bisita antzeztuak eskainiko ditu Torrezabal Kultur Etxeak datorren eguaztenetik, otsailaren 9tik, aurrera. Gaur aurkeztu dute inoizko prentsaurrekorik xelebreenean Olaia Parra Kultura zinegotziak, Katrin Schlegel kultur etxeko programatzaileak eta Pako Revueltas aktore eta antzerkiko zuzendariak. Ikusi, ikusi!
Ikuskizun eszeniko batean «azken emaitzatik harago ezkutatzen dena» eta Torrezabal Kultur Etxeko ikuskizun baten atzean dauden azpiegitura eta lanbideak ezagutzeko saio mota bi aurkeztu ditu gaur prentsaurrean Galdakaoko Udalaren Kultura Arloak. Prentsaurreko «xelebrea» izan da gainera, bertan Olaia Parra Kultura zinegotzia, Katrin Schlegel kultur-programatzailea eta Pako Revueltas aktorea izan badira ere, «kazetari» bitxi bi agertu direlako aurkezpenean.
«Antzerkiaren barrunbeak» eta «Antzerkia agerian» doako ekimenekin ikuskizun bat gozatzeko baliabide gehiago eman gura dizkie Udalak ikusleei. Antzerkiaren barrunbeak ezagutzeko saioak datorren otsailaren 9an hasiko dira 19:30ean eta hitzaldi formatuan eskainiko dira. Sorkuntza-prozesu bat nolakoa den, denak funtziona dezan antzezlan batean zein mekanismo eta lan dauden, edo ikuskizun batean elkartzen diren lanbide desberdinak ezagutuko ditu herritarrak, «Torrezabalera datozen artistekin topaketak eta beste sormen-gune batzuetara bisitak eginez», azaldu dute gaurko aurkezpenean.
«Antzerkia agerian» ekimenean berriz Torrezabal Kultur Etxera umorezko bisita antzeztuak eskainiko dira Ganso&Cía. konpainiaren eskutik —aipatutako «kazetari bitxi biak» konpainia honetako kideak izan dira—. Antzerkiaren «aurpegi ezezaguna ezagutzeko aukera» bezala aurkeztu dute, baina baita Torrezabaleko bazter desberdinak ezagutzeko aukera bezala ere, alegia, «ikusleak normalean sartzeko modua ez duten txoko horiek ezagutzeko», azaldu dute udal-ordezkariek.
Hauek dira, labur azalduta, bai baterako zein besterako programatu dituzten hitzorduak:
«Antzerkiaren barrunbeak»
Torrezabal Kultur Etxeko 2. gelan eta antzokian
Bi saio hilean, 19:30 – 21:00 bitarte
- Otsailak 9 eta 23.
- Martxoak 9 eta 23.
- Apirilak 6 eta 20.
- Maiatzak 4.
Informazioa eta erreserbak:
Torrezabal Kultur Etxea
944 101 598
mgarrido@galdakao.net
«Antzerkia agerian»
- Martxoak 26.
- 11:00 eta 12:30 (euskaraz)
- 17:00 eta 19:00 (gaztelaniaz)
- Martxoak 27.
- 11:00 eta 12:30 (gaztelaniaz)
- 17:00 eta 19:00 (euskaraz)
Informazioa eta erreserbak:
Gonbidapenak martxoaren 1etik aurrera
Torrezabal Kultur Etxeko txarteldegian eta galdakao.eus atarian