Birziklapena
BINKE / 2022ko ekaina

Birziklatzearen inguruko informazioa eskainiko dute Ecoembes eta Ecovidriok

TESTUA: Naia Bergaretxe Sarria
ARGAZKIA: Angelina Zinovieva

Eguenean birziklatzearen inguruko informazio puntu bat jarriko dute Agirre Lehendakariaren plazako arkupeetan goizean zehar 10:00etatik 14:00etara Ecoembes eta Ecovidrio erakundeek Udalarekin batera. Bertan, herritarren parte hartzea ere sustatuko dute.

Eguenean, ekainak 23, birziklatzearen inguruko informazio puntu bat jarriko dute 10:00etatik 14:00etara Agirre Lehendakariaren plazako arkupeetan. Ecoembes eta Ecovidrio irabazi-asmorik gabeko erakundeekin aritu da elkarlanean Galdakaoko Udala, herritarrei hondakinen sailkapenari buruzko informazio egokia eskaintzeko helburuarekin.

Ontzi arinen, paperaren, beiraren, organikoaren, olioaren, eta abarren banaketan har daiteke parte puntuan bertan, eta beste hainbat aspektu ere landuko dira, hala nola, tamaina handiko objetuak, eta puntu garbiak —garbiguneak—. Azken finean, herritarrak hondakinak gehiago eta hobeto sailkatzera animatzea da helburua.

Informazio puntuan egongo diren pertsonak —ingurumen-hezitzaileak—, gerturatzen direnak parte hartzera animatuko dituzte, bereizketan eta edukiontzi egokia aukeratzean oinarritutako jardueretan. Ekintza hurrengoa izango da: Galdakaoko edukiontzi bakoitzeko zirkulu bat jarriko da —urdina papera eta kartoiarentzat, berdea beirarentzat, horia plastiko, brik eta latentzat, zuria arropa eta objektu berreskuragarrientzat eta grisa errefusarentzat—. Aldez aurretik garbitutako hondakinez betetako zaku bat izango dute ingurumen-hezitzaileek, eta parte hartu nahi dutenek zakutik elementu bat atera beharko dute, ondoren edukiontzi egokia ordezkatzen duen zirkuluan kokatzeko. Gainerako hondakin moten kasuan —olioa, pilak…—, «adierazgarritasun, tamaina edo espezifikotasun txikia dutenez», irudi plastifikatuekin egingo da jarduera.

Horrez gain, beira-aleen tailer bat eta txapak eta imanak egiteko beste tailer bat antolatuko dute erakundeek Udalarekin batera, «txikienei gure etxeetan hondakinak behar bezala bereizteak duen garrantziaz gogorarazteko».

Parte hartzen duten herritarrek, herrialdeko produktu saski zozketa baten sartu ahalko dira.