«Bizitza tunel barruan», Joana Lasheras
Joana Lasheras Perez
BINKE / 2019ko urria
Bizitza tunel barruan
Entzun, ikusi eta bizitakoaren ostean hunkituta eta malkoei ezin eutsi atera nintzen bere etxetik. Tristuraz eta inpotentziaz betetako malkoak ziren, zirraraz eta mirespenez beteak ere.
Uxoak 27 urte ditu, 9 hilabeteko ume baten ama da, 5 hizkuntza hitz egiteko gai da, eta biolontxeloa eta bateria jotzen badaki. Bidaiatzea gustuko du eta baita postreak egitea ere. Polonian boluntario lanetan ibilitakoa da eta nota bikainekin irakasle titulua atera zuen. Duela gutxi heldu da 300 biztanle besterik ez dituen herri batera bizitzera. Bere bizilagunek ez dute oraindik Uxoa ezagutzen baina laster telebista saio batean ikusiko dute, eta, orduan bai, ulertuko dute Uxoak zergatik ez dituen askotan kaletik agurtzen, zergatik ibiltzen den hormari helduta, zergatik bere tokiz kanpo dauden gauzekin estropezu egin eta lurrera erortzen den. Uxoak sendaezina den endekapenezko gaixotasun arraro bat dauka: erretinosi pigmentarioa. Ikusmen ia guztia galduta dauka eta litekeena da noizbait guztiz itsu gelditzea.
Bizitzarekiko duen jarrera baikorra ezingo dut sekula ahaztu eta egoera latzei aurre egiteko irribarreak duen botereaz inoiz baino ziurrago atera nintzen bere etxetik. Milesker, Uxoa, gizartearentzat bizi irakaspena zara.