Bizkai kalean mural berria ikusgai dago, ‘Euskara, bihotzetik ahora’ lelopean
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Galdakaon bizi den Eider Eibar ilustratzailearen gidaritzapean, mural berria egin dute Galdakaoko Udaleko Euskara eta Enplegu arloek elkarlanean. Bizkai kalean kokatuta dago eta ‘Euskara, bihotzetik ahora’ lelopean hizkuntzaren erabilera bultzatzea du helburutzat.
Azal berria du Bizkai kalearen zati batek, izan ere, kolore eta mezuz betetako murala egin dute Galdakaoko Udaleko Euskara eta Enplegu arloek elkarlanean. Euskararen erabilera sustatzea da helburu nagusia eta horretarako ‘Euskara, bihotzetik ahora’ leloa aukeratu dute.
Proiektu hau aurrera eramateko proposamena Galdakaoko Euskaraldiko batzordeak egin zuen, «pare bat asteko ariketa sozialaren eragina luzatu nahian, euskara erabiltzeko mezua herrian gera dadin». Lehenik eta behin mezu argia bidali duen leloa aukeratu zuten eta jarraian Galdakaon bizi den Eider Eibar ilustratzaileari egin zioten diseinua egiteko enkargua. Azken pausoa margotzea izan zen.
Galdakaon 1.500 pertsona inguruk eman zuten izena azaroaren 18tik abenduaren 2ra egin zen Euskaraldian. Bestalde, Soziolinguistika Klusterrak eta Bagabiz euskara elkarteak egindako azken ikerketaren arabera, Galdakaoko kaleetan entzundako elkarrizketen %14,5 dira euskaraz, Eustaten arabera herriko biztanleen %63 euskalduna edo ia euskalduna diren arren.
Datu hauek kontuan izanda, haratago egin nahi izan dute Udalak eta eragileek eta egunero euskara erabiltzeko gonbita egin diete herritarrei mural honen bitartez. «Hizkuntza maitatzea ez da nahikoa, dakitenek egitea ezinbestekoa da herrian euskal hiztunen kopuruak gora egin dezan», azpimarratu dute Udaletik.