BizkaiaGara boluntariotzaren agentziak jardunaldia antolatuko du Galdakaon
ARGAZKIA: BizkaiaGara
TESTUA: Jon Gomez Garai
Bizkaiko boluntariotza eta partaidetza agentzia aurkeztu berria, BizkaiaGara, Frantziako Tour-arekin lotutako jardunaldiak egiten hasi da Bizkaiko Foru Aldundiak antolatutako Tour Egunaren baitan, eta bigarren deialdia Galdakaon antolatuko da domeka honetan.
BizkaiaGara ekimenak «herritartasun aktiboaren azeleragailu» bezala aurkezten du bere burua: «Bizkaia lurralde solidarioagoa, arduratsuagoa, berdintasunezkoagoa eta iraunkorragoa bihurtzen lagundu nahi duten gizarte-eragile guztien topagunea».
Horregatik, BizkaiaGara aurkeztu nahi dute Galdakaon ere, udalerriko pertsona zein elkarteak «pertsonalki ezagutu eta izan litezkeen laguntza eta sinergiak elkarrekin baloratzeko», azaldu du ekimenak Galdakaoko elkarteetara bidalitako oharrean. Aurkezpen horretarako Bizkaiko Foru Aldundiak Frantziako Tour-arekin lankidetzan antolatutako Tour Eguna ekimena baliatuko da, Aldundiak BizkaiaGara egitasmoa gonbidatu baitu bertara.
Tour Eguna deitu dioten jardunaldi eguna azaroaren 20an proposatu dute Galdakaon, domekan, eta oraindik zehaztu ez duten leku eta ordutegian gune bat jarriko du ekimenak gurean.
«Tour Egunak udalerrietako jendea gonbidatzen du, gero udalerri horietatik igaroko den txirrindularitza Tourra nolakoa izango den oso garrantzitsua izango den zerbaitetan parte hartzera, eta hemendik bizikletaren gaia eta kirolaren balioa gizarteratu nahi dira», baloratu zuen Leioan egin zen lehenengo Tour Egunean Danel Alberdi BizkaiaGara-ko koordinatzaileak, eta gogoratu zuen ekimenak bizikletaren erabilera sustatzea eta «datorren urtean lurraldean zehar igaroko diren lasterketako bi etapetako emozioa aurreratzea duela helburu».
Kirol egoera hori aprobetxatu du BizkaiaGara-k Bizkaiko bizilagunei udalerrian dituzten erakunde guztien berri emateko, baita lankidetzan aritzeko eta ingurumen, gizarte, kultura edo kirol erakundeetako herritar aktibo gisa aktibatzeko dituzten aukeren berri emateko ere, adierazi zuen Galdakaora etorri aurreko jardunaldian Leire Ortiz de Zarate BizkaiaGarako koordinatzaileak.
Azaroaren 3an aurkeztu zen Bolunta izeneko ekimenari lekukoa hartuko dion erakunde berria eta bere lana Bizkaiko boluntariotza sarean aurrera egitea izango da. Ekimen honek Bizkaiko Foru Aldundiaren, BBK-ren eta EDE Fundazioaren babesa du.