Calathea taldea Resurrection Fest-en jotzeko botoa eskatzen ari da
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Calathea taldea
Calathea talde galdakoztarrak ekainaren 28tik uztailaren 1era Viveiron antolatuko den Resurrection Fest-eko banden lehiaren finalean parte hartuko du beste lau talderekin batera. Bozkatuenak jaialdian jotzeko aukera izango du eta horregatik galdakoztarrak botoa eskatzen ari dira. Albiste honetan batu dugu nola bozkatu daitekeen.
Duela bi urte sortu zen iraganeko rock eta hardcore doinuak uztartzen dituen Calathea taldea. Galdakoztarrek hainbat abesti argitaratu dituzte ordutik eta kontzertuak eskaini dituzte han eta hemen. Besteak beste, Torrezabalen jotzeko «esperientzia itzela» izan zuten, Binkeri aitortu zioten moduan.
Orain urrunago eraman nahi dute haien musika, Viveirora zehazki. Galiziako herrian Resurrection Fest egingo da ekainaren 28tik uztailaren 1era eta jaialdiaren barruan banden lehia antolatu dute aurten ere. Calatheak izena eman zuen lehiaketan eta epaimahai profesionalak bost onenen artean aukeratu zuen.
Lehiaketaren azken fasea martxan jarri dute orain eta honetan publikoak erabakiko du zein izango den Resurrection Fest-en joko duen taldea: Endwalker, Codetalker, Oslo Ovnies, Litost edo Calathea. Galdetegi baten bitartez bozkatu daiteke eta bihar bukatuko da botoa emateko epea.
Haien musika ezagutzera emateko helburuz, taldeek, Calathea tartean, Asturiaseko Ovni Estudioan bi abesti grabatu dituzte. Hemen batu dugu Calathearen abestietako baten bideoa.