Chiapaseko uraren krisia uztartu duen ‘Ja’ dokumentala aurkeztuko dute Galdakaon
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Lumaltik Herriak
Ane Nafarrate, Ihana Iriondo eta Aitziber Jimenez de Aberasturik Mexikoko Chiapas eremuan bizi duten uraren krisiari buruzko ‘Ja’ dokumentala sortu dute. Urtarrilaren 20an Galdakaon aurkeztuko dute, arratsaldeko 19:00etan.
Mexikoko Chiapas eremuan ur gabezia bizi dute herritarrek, ibaiek ur kantitate handiak garraiatzen dituzten arren. «Ondasun natural hori gutxiengo baten eskuetan metatzen da eta klase babesgabeenek jasaten dituzte politika publiko negargarrien ondorioak», salatzen dute Lumaltik Herriak Gobernuz Kanpoko Erakundetik.
Egoera hau ezagutzera emateko asmoz, ‘Ja’ dokumentala sortu dute, Ane Nafarrate, Ihana Iriondo eta Aitziber Jimenez de Aberasturirekin batera. Galdakaon aurkeztuko dute urtarrilaren 20an arratsaldeko 19:00etan Bilbo kalea, 3 helbidean.
Dokumentalean, uraren krisiaren, klima-aldaketaren, kutsaduraren edo pribatizazioaren atzean dauden eragileak salatzen dituzten herritarren elkarrizketak eta testigantzak jasotzen dira.
Halaber, sortzaileek azaldu dutenez, «mobilizaziorako deia da, zikoizkeriaren eta interes politikoen historia errepikakorrari aurre egiteko eta herriaren bizitza, natura eta kultura babesteko». Izan ere, «kontraesan nabarmena dago, funtsezko hiru zutabeak mehatxatzen dituena».