Foruen abolizioaren 150. urteurrena eta Alkateen Mugimenduaren 50. urteurrena direla eta, Galdakaoko EAJk eta EH Bilduk adierazpena sinatu dute. Horretarako mozioa aurkeztu zuten azken osoko bilkuran.
Galdakaoko udalbatzak osoko bilkura antolatu zuen ekainaren 25ean, eta bertan Galdakaoko Udalak Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua bere gain hartzeko lehen pausoak onartu zituen.
Halaber, Foruen abolizioaren 150. urteurrenari eta Alkateen Mugimenduaren 50. urteurrena dela eta EH Bilduk eta EAJ-PNVk aurkeztutako mozioa onartu zen. PSE-EEk kontra bozkatu zuen, eta Auzoak taldea abstenitu zen.
Hortaz, EH Bilduk eta EAJk aitortu dute Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako euskal lurraldeen eskubide historikoen abolizioa Frantziako iraultzarekin gertatu zela 1789 eta 1790 artean.
Horrez gain, aitortu dute 1841ean Nafarroa Garaian, eta 1876an Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan ezarritako foru-erregimenaren murrizketa eta abolizio prozesuek euskal lurraldeen jatorrizko eskubide historikoen eta burujabetza instituzionalaren galera ekarri zutela.
Halaber, berretsi dute Euskal Herria Europako herri guztien artean berezko nortasuna eta nazio izaera duen herria dela, historia, gizarte eta kulturako ondare berezi baten gordailu; bi estatutan kokatuta eta gaur egun hiru eremu juridiko-politiko ezberdinetan antolatuta dauden zazpi lurraldeetan duela bere leku geografikoa eta euskal nazioa osatzen duten herritarrek dutela beren etorkizun politikoa modu libre eta demokratikoan erabakitzeko eskubidea.
Bestalde, aldarrikatu dute beharrezkoa dela foru integrazioaren eta burujabetza osoaren bidean urrats berriak egitea, eta, horretarako, Euskal Herriko lurraldeen eskubide historikoak eta autogobernua eguneratzea, gaur egungo behar demokratiko, sozial eta instituzionaletara egokituz.
Adierazpen osoa irakurri daiteke hemen.




