Kirola
BINKE / 2022ko otsaila

CrossFit-a, moda bat baino gehiago?

TESTUA: Unai Sarriugarte Lasarte
ARGAZKIAK: Binke eta utzitakoak

CrossFit-a gure gizartean gaur egun oso modan dagoen kirol entrenamendu modalitate espezifiko bat da. Horren harira, gure udalerrian nahiz aldamenekoan, Basaurin, horretan aritzen diren kirolari galdakoztar anitzekin hitzartu da Binke, honen inguruko xehetasun gehiago jakiteko helbururarekin.

CrossFit-ak 1974. urtean du jatorri, Gres Glassman 18 urteko Estatu Batuetako ikasle eta atletak intentsitate handiko eta mugimendu funtzionaletan oinarritutako entrenamendu-programa berezi bat sortu zuenean. Izan ere, Glassmanek Kalifornia hegoaldeko hainbat gimnasiotan lan egiten zuen hainbat kirolarirekin batera, eta, ohiko errutinetatik aldentzen zen diziplina baten falta sumatzen zuen. 

Hori dela medio, Glassman poliziak entrenatzeko teknika espezifiko hau erabiltzen hasi zen Kalifornian. Hain handia izan zen Estatu Batuetan bereganatu zuen arrakasta, non etorkizun hurbil batean dinamika hauxe marinelak, suhiltzaileak eta militar iparramerikarrak entrenatzeko erabiltzen hasi ziren. 

CrossFit-a-ren entrenamendu dinamika 47 urteotan munduko hainbat herrialdetara hedatu da, pasa den urtean CrossFit LLC lizentzia munduko 15.000 box baino gehiagok erabiltzen zutelarik, orotara bost milioi atleta baino gehiago bilduz nazioartean barrena.

Europan egun oso ezaguna den kirol modalitatea da. Ingalaterraren ondoren, Espainiak ditu erabiltzaile gehien kontinentean zehar, gaur egun 550 box ofizial zenbatu daitezkelarik estatuan barrena. Autonomia Erkidegoiei dagokienez, Madrilek, Kataluniak eta EAEk dute hauxe praktikatzeko esparru gehien biztanleekiko.

Hamar gaitasun fisiko. Kirol-jarduera hau hamar gaitasun fisikoren hazkundean oinarritzen da, hala nola, bihotz-arnasketako eta muskuluetako erresistentzia, indarra, malgutasuna, potentzia, abiadura, koordinazioa, arintasuna, oreka eta doitasuna. Era berean, hiru modalitatetan sailkatu daitekezke entrenamenduok: halterofilian, gimnastikietan eta intentsitate handiko tarteen entrenamenduan.

Halterofilia, pisuen altxatzeari dagokiona da, bertan teknika eta potentzia ere garatzea bilatzen dute norbanakoek. Norberak egin dezakeen pisurik handiena altxatzea bilatzen da, ariketaren eta emandako errepikapen kopuruaren arabera. Ariketa ohikoenak hauek izan ohi dira: back edo Front squat —eserialdiak—, Deadlift —pisu hila—, Snatch —erauzketa—, Hang clean —kargatzea—, Hang clean & jerk —kargatzea eta altxatzea—, Planks —sabeleko xafla— edo Bench Press —bankuko pisuak—, besteak beste.

Bigarrean modalitatea gimnastikoak dira, barra eta uztaiekin lantzen diren ariketak, entrenamenduaren unerik biziena da pisu-kantitatea jaisten delarik. Hauexek ariketen konbinazioak izan ohi dira, baita pisurik gabeko edota erresistentziazko beste batzuk ere, jauziak, dominatuak, uztaiak, beso-flexioak, abdominalak, abiadura handieneko lasterketa, kulunka egitea, pistolak edota pinua egiten duten flexioak, esaterako.

Azkenik, intentsitate handiko tarteen entrenamendua deritzona, High Interval Itensity Training (HIT).  Indar-erresistentzia entrenamenduak dira, ariketa aerobiko eta anaerobikoak. Normalean HIIT saioak lau eta 30 minutu artekoak izan daitezke. Entrenamendu motz eta gogor horiek gaitasun atletikoa eta baldintza hobetuak, glukosaren metabolismo altua eta lipidoen —koipea— erreketa altua ematen dute. 

HIIT ariketa-saioak, oro har, berotze-aldi batean eta intentsitate handiko hainbat ariketa-errepikapenetan oinarritzen dira, errekuperaziorako intentsitate ertaineko ariketaren bidez bereizita, eta, bihotz-erritmoa igo eta jaistea bilatzen duen hozte-aldi batean.

CrossFit-eko kirolari galdakoztarrak: Danel Sagardui (ezker) eta Aitor Ibarrondo (eskuin)

Cross Fit Lizentzia. Diziplina honetan jarduteko gimnasioek lizentzia bat ordaindu behar izaten diote CrossFit konpainiari. Hori dela medio, ohikoak dira dinamika horretan aritzen diren, baina izen hori eraman beharrean beste izen bat daramaten gimnasioak ikustea.

Galdakaon, esaterako, bi dira CrossFit dinamika eskaintzen duten gimnasioak, CrossFit Galdakao eta Dark Phoenix CrossFit. Horrez gain, ohikoa da kirolari galdakoztarrak beste udalerri batzuetako «box» izenekoetan aritzea, Basauriko Black Grizzly CrossFit-en zentroan edota CrossFit Basaurin, esaterako.

Marga Atxa, esaterako, Galdakaoko Zuhatzu azunean kokatuta dagoen Dark Phoenix CrossFit zentroko erabiltzaile izandakoa da. Atxak dioenez, bere lagunekin batera kirola egiteko aukera ezinhobea izan da, baita kirola egiteko era motibatzaileago bat izan ere. 

Dena den, bere bizitzan kirol asko egitera ohituta ez dauden pertsonentzat zail xamarra dela aitortzen du, bertan egiten diren ariketak goi mailako kirolarientzat bideratutakoak baitira. Berarentzat kirola egitea mentalki eta fisikoki osasuntsu egotea da, eta, nahiz eta bertan asko gozatu, gaur egun CrossFit diziplinatik aldentzen diren beste ariketa dinamika batzuk egiten hasi da.

CrossFit-a gure udalerrian modan jarri baino lehen, Basaurin jada hasiak ziren diziplina honekin zerikusia zuten zentroak irekitzen, berriki aipatutako Black Grizzly CrossFit-en kasua, tarteko. Bizkaian jada modan zegoen kirol honen jarraitzaileak bertara joaten hasi ziren. 

Zentro honetako erabiltzaile batek dioenaren arabera, garai hartan Galdakaon bazegoen diziplina hori lantzen zuen esparru bat, baina hauxe ez zen «box» bat, diziplina hau praktikatzen den gela, alegia. Box-ak erabilera horretarako egokitutako espazioak izan ohi dira, sabai altuko esparruak, espazio ikaragarriak, inongo zatiketarik gabeak eta espazio handikoak. 

Lehiakortasun programak. Era berean, erabiltzaile honek nabarmentzen duenez, Black Grizzlyk lehiakortasun programa bat eskaintzen du. Hauexek barne-lehiaketak izan daitezke, boxaren erabiltzaileentzat direnak, edota kanpo-lehiaketak —lehiaketa pribatuak—, mundu guztiarentzat bideratutakoak.

Gainera, CrossFit Games-era joateko sailkapen lehiaketak daude. Datorren hilabetean, esaterako, CrossFit Open txapelketa ospatuko da. Herrialde bakoitzeko lehenak sailkatzen direnak CrossFit Games txapelketara doaz lehiatzera. 

Bestalde, Interboxak delakoak ere existizen dira, boxen arteko erronkak direnak. Lehiaketa hauek normalean zonaldeka funtzionatzen dute, baina, badira autonomia erkidegoen artean txapelketak abiarazten dituzten zentroak ere.

Kirol zorrotz eta gogorra. CrossFit-a kirol zorrotz eta gogorra dela adierazten du erabiltzaileen gehiengoak. Aitor Ibarrondo CrossFit Galdakaoko kirolaria denak nabarmentzen duenez, «kirol zorrotz bat da, sartzen diozun erritmoaren arabera oso bortitza den modalitatea izatera ailegatu daitekena».

Ibarrondorentzat «deskonektatzeko forma bat ere bada, beste zenbait kirolek eskaintzen ez duten deskonexio maila». Erabiltzaile galdakoztarrak dioenaren arabera, CrossFit-a praktikatzeak «ez dizu aukerarik ematen beste gauza batzuetan pentsatzen egoteko». «Hustuketa horrek momentu horretan %100era egotea baino ez dizu uzten», nabarmendu dio Binkeri Ibarrondok.

Galdakoztar gazteak gainera bere «psikologotzat» jotzen du modalitate hau, bere tentsio guztiak bertan husteko aukera ahalbidetzen baitio. Bere gorputza ere aldatzen joan dela ohartarazten du, bere egunerokotasunean «fisikoki eta baita mentalki ere onura ugari» ekarri dizkiolarik.

Eider Murgia, CrossFit-eko kirolari galdakoztarra

Denen ahotan dagoen kirol honen nondik-norakoen inguruan zertxobait gehiago jakiteko asmoz, kirol modalitate hauxe eskaintzen duen bigarren eta azken esparrura ere bertaratu gara. Horretarako Dark Phoenix izeneko boxean CrossFit-a praktikatzen denbora nahikotxo daraman Eider Murgiarekin izan da Binke. 

Murgiak aipatzen duenez, sekulako giro ona sortzen da box-etan, komunitate antzeko bat sortuz. Izan ere, «norbait pisua altxatzen dabilenean beste kideak hura animatzen» ibiltzen direla dio Murgiak, baita norbaitek marka bat jarri eta hori egitea lortzen dutenean elkar besarkatzen ibili ere.

Murgiak onartu egiten du: «Azkenaldian lagun taldeetan asko eman ohi den modalitatea da, eta, nire kuadrilako bi apuntatu zirenez, animatu egin nintzen frogatzera». Futbolean hainbat urtetan jokatzen ibilitakoa da Eider, baina, beste kirolekin alderatuta, «CrossFitean hobetzea beste kirol batzuetan baino askoz errezagoa» dela aitortzen du, saio batetik bestera hobekuntza gero eta handiagoa delarik, hau da, gero eta pisu eta ariketa gehiago egiteko gaitasuna lortzen dutela.

CrossFit zaletasunaren gako nagusietako bat ere aipatzen du Murgiak: «Honetan hasten diren kirolariak normalean aurreiritzi, beldur edota lotsa batzuekin abiatzen dira modalitate hauxe lantzera». Hala, erabiltzaileak hobetzen doazela ikusten duten heinean, «eurekin hobeto sentitzen hasten dira, bai psikologikoki eta fisikoki ere». Horrela ba, argi borobildu gura du galdakoztarrak: «Beste kirol batek ematen ez dizuna ematen dizu CrossFit-ak».

Ogibide espezifikoak. CrossFit modalitateak zenbait ogibideren prestakuntza fisikoa prestatzeko ere balio dezake. Hauxe Danel Sagardui galdakoztarraren kasua dugu. Bizkaiko suhiltzaile izateko formakuntzan dabil buru-belarri. Sagardui CrossFit Galdakao box-aren erabiltzailea da gaur egun, Ibarrondorekin batera.

Suhiltzaile hautagaiak honen inguruan nabarmentzen duenez, «lehenengo uneetan ez nekien modalitate hauxe suhiltzaile oposaketa prestatzeko aukera hoberena izango zenik». Sagarduik oso argal ikusten zuen bere gorputza, eta, horren harira, gimnasioan hastea erabaki zuen.

Baina, ohiko makinekin dinamikak egiten aspertzen zela konturatu zenean, CrossFit-a aukeratu zuen. «Oso onuragarria» dela adierazten du galdakoztarrak, kirol «oso konpletoa» baita, indarra bereganatzeko eta erresistentzia fisikoa eskuratzeko abagunea eskaini diolarik.

Gainera, «jende berria ezagutzeko aukera paregabea» dela esaten du, baita entrenamendu dinamikak «entretenigarriago eta arinago» egiten direla adierazi ere, gimnasioetako ohiko entrenamenduetan ematen ez den egoera, hain zuzen ere.

Halaber, gorputz hezkuntzaren zenbait ildotan hobetzea eragin dio Sagarduiri jarduketa honek, luzaketetan eta malgutasunean zeharo hobetzeko parada eman diolarik. Pisuaren aldetik ere aldaketa nabaria izan da erabiltzaile honek bizi izan duena azken hilabeteotan, hainbat kilo eskuratu baititu, baita muskulu-masa kantitate handi batean areagotu ere.

Baliagarri izan edo ez, CrossFit-a modan dagoen kirol-modalitatea denik ezin ukatu, eta gure herria ere ez dago moda horretatik kanpo.