Su Motelean kontzertu bereziarekin esango dio agur denboraldiari domekan Galdakaoko Da Capo Musika Bandak. Torrezabalen eskainiko du, eta musika eta sukaldaritza batuko ditu, Josemi Olazabalaga eta Alberto Urretxorekin batera.
Proposamen eszeniko berria ekarriko du gurera Galdakaoko Da Capo Musika Bandak denboraldia ixteko. Domekan, maiatzak 24, Su Motelean kontzertua eskainiko du Torrezabalen, eta bertan musika eta sukaldaritza batuko ditu.
Taldeak bi kolaborazio berezi izango ditu, kontzertua «esperientzia paregabea» bihurtuko dutenak: Alberto Urretxo tronboi-jotzailea eta Josemi Olazabalaga sukaldaria.
Urretxok Launy Grøndahlen Tronboirako Kontzertu ospetsua interpretatuko duen bitartean, Olazabalaga zuzenean arituko da sukaldean taula gainean, denbora errealean musikarekin hitz egingo duten usain eta zaporeak sortuz.
Saioa 13:00etan izango da, eta sarrerak eskuragai daude Torrezabal Kultur Etxean eta ohiko webgunean.




