Debekatu egin dute sua piztea landa-eremu eta aisialdi guneetan
TESTUA ETA ARGAZKIA: Binke
Gogoratu Eusko Jaurlaritzak debekatu egin duela asteburu honetan, «eta bero-boladaren ondorioz ezarritako alarma egoerak iraun bitartean», landa eremuetan sua piztea. Debeku horrek eragina izango du Arantzile eta Lekubasoko aisialdi guneetan ere, eta ondorioz barbakoak zigilatu egin dituzte.
Bero-bolada denboran luzatzen ari dela, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoara hedatzen ari dela eta asteburuan areagotu egin daitekeela ikusita, Eusko Jaurlaritzak landa-ingurunean, landa-lurzoruan edo inguru urbanizaezinean sua piztea debekatu du, «alarma egoerak iraun bitartean». Horrela ba, debeku horrek eragina izango du baita Galdakaoko Arantzileko aisialdi eremuan zein Usansoloko Lekubaso eremuan.
Rodrigo Gartzia Segurtasuneko sailburuordea eta Ricardo Ituarte Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendaria komunikabideen aurrera agertu dira gaur barikua, gaurtik aurrera Jaurlaritzak Baso Suteetarako Larrialdi Plan Bereziaren «larrialdi-fasea» Euskadi osora hedatuko duela jakitera emateko. Aurretik, hala ere, Galdakaoko Udalak emanda zuen kalean surik ez pizteko aholkua. Orain araua da: asteburuan ezin izango da surik piztu.
Basoko suteen arriskuagatik aktibatutako alerta laranja egoeran debekatuta egongo dira honako jarduerak, egunero Eusko Jaurlaritzak ezarriko dituen ordu tarteetan —alarma gorria piztuko balitz 24 orduetan ezingo lirateke egin ondoko jarduerak—:
- Sua erabiltzea edo sua eragin dezaketen jarduerak egitea, hala nola nekazaritza- eta baso-eremuetan deflagrazioak, txinpartak edo deskarga elektrikoak sor ditzaketen makinak erabiltzea.
- Su artifizialak, petardoak eta pirotekniako bestelako elementuak erabiltzea eta barbakoak egitea, hori guztia baita hiri-lurzoruan ere eta zuhaitzak eta zuhaixkak dauden lursailetatik, sastrakadietatik edo edozein eratako labore-sailetatik 300 metrora baino gutxiagora.
- Errekuntzako motordun ibilgailuak erabiltzea baso-pistetan, lursailetako bideetan eta asfaltatutako errepideetatik kanpora geratzen diren gainerako igarobideetan, lanpostura edo ohiko bizilekura joateko ez bada eta ezinbesteko kasuetan izan ezik. Debekatuta dago halako ibilgailuekin landaredi-eremuak zeharkatzea edo horietan gelditzea edo aparkatzea.
Galdakaoko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak, Jaurlaritzaren arauari jarraituz, oharrak jarri dituzte Galdakaoko eta Usansoloko lan-eremuen eta aisialdi eremuen sarreretan, eta barbakoak zigilatu egin dituzte, bertan sua egitea debekatuta dagoela gogoraraziz.
Aipatutako murrizketak eta debekuak ez betetzea arau-hauste «larritzat» edo «oso larritzat» jo dezakete Udaltzaingoak eta Ertzaintzak, eta ezarri ahal izango diren zigorren artean, 1.501 eurotik 30.001 eurora arteko isunak daude.