
‘EAB 100 urte. Emakumeak Aberria Eginez’ erakusketa hartuko du Torrezabalek
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Euskal Abertzaletasunaren Museoa
‘EAB 100 urte. Emakumeak Aberria eginez’ erakusketa hartuko du Torrezabal Kultur Etxeak urriaren 25etik azaroaren 4ra. Inaugurazio ekitaldia urriaren 24an izango da eta hitzorduan Karmele Perez, Begoña Bilbao eta Gurutze Ezkurdia komisarioek ‘Emakume Abertzale Batza eta Euzko Ikastola Galdakaon’ hitzaldia eskainiko dute.
Etxeak Emakume Abertzale Batzaren mendeurrenarekin bat eginez, ‘EAB 100 urte. Emakumeak Aberria eginez’ erakusketa hartuko du Torrezabal Kultur Etxeak. Mairi Galdakaoko elkarteak antolatuta, Galdakaoko Udalaren laguntzarekin iritsiko da Galdakaora Sabino Arana Fundazioaren Euskal Abertzaletasunaren Museoak duen bilduma.
Erakusketa 24 panelek eta beira-arasek osatzen dute, sei gai multzo handitan banatuta. Bloke horietan elkarteak bere ibilbide osoan egindako lana eta pentsamendua jasotzen dira: EABren hasiera; EABren loraldia; ‘Jaungoikoa eta Lagi Zarra’ doktrina; EAB eta hezkuntza; EAB eta gizarte laguntza eta EAB gerra eta erbestean.
Erakusketaren inaugurazio ekitaldia urriaren 24an egingo da Torrezabaleko erakusketa gelan, 18:00etan. Honetan Karmele Perez, Begoña Bilbao eta Gurutze Ezkurdia komisarioek ‘Emakume Abertzale Batza eta Euzko Ikastola Galdakaon’ hitzaldia eskainiko dute.
