
EGITARAUA | Andra Marik hamaika ekintza antolatuko ditu bere 70. urteurrena ospatzeko
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Andra Mari Dantza Taldea
Galdakaoko Andra Mari Dantza Taldeak 70 urte bete ditu aurten eta urteurrena ospatzeko hainbat ekintza prestatu ditu. Besteak beste, ‘Momotxorroak. Kaos baten istorioa’ dokumentalaren emanaldia, Zuberoako Maskarada eta Alboka Eguna antolatuko dituzte hurrengo hilabeteetan zehar. Hemen batu dugu egitarau osoa.
Ospakizun urtea da aurten Andra Mari Dantza Talde galdakoztarrarentzat, izan ere, 70 urte bete ditu. Mugarri hau aprobetxatuz, hainbat ekintza antolatuko dituzte urtean zehar, atzo taldeko hainbat kidek eta Edurne Espilla Galdakaoko Udaleko Kultura zinegotziak ezagutzera eman zutenez.
Gandasegin egin zuten agerraldia eta honetan Unai Zabala dantza taldeko presidenteak aurtengo urteurrena belaunaldiak batzekoa izango dela nabarmendu zuen. «Aurreko urteurrenean ezin izan genuen batu pandemiagatik eta hainbat ekintza egin gabe geratu ziren», azaldu zuen.
Aurten ordea, hamaika ekintza prestatu ditu taldeak. Otsailaren 1ean ‘Momotxorroak. Kaos baten istorioa’ ‘dokumentalaren emanaldia hartuko du Torrezabalek. Dokumental honek Andra Marik Altsasuko inauterien berreskurapenean egindako lana ezagutzera ematen du, Jon Eguskiza eta Kepa Otaegi zuzendariek BINKEri azaldu zioten moduan. «Dokumentala transmisioaren beharretik sortutako lana izan da», adierazi zuen Eguskizak atzoko aurkezpenean.
Otsailaren 22an aldiz, Andra Marik Zuberoako Maskarada plazaratuko du Galdakaon hainbat urteren ostean. Olatz Sagastigordia taldekideak adierazi zuenez, «maskarada osoa zerotik ateratzea lan handia da eta talde osoa batu du proiektu honek».
Alboka Eguna ere antolatuko du talde galdakoztarrak, kasu honetan maiatzaren 17an. Hitzorduan Soinuenerekin eta Mariano Barrenetxearen senideekin elkarlanean egindako bere biografia liburua aurkeztuko dute.
«Urteko saiorik berezienak» ordea, azaroaren 22 eta 23an izango dira. Alde batetik, hilaren 22an, ‘Atzoko, Gaurko eta Biharko Andra Mari’’’ saioa izango da eta taldeko belaunaldi ezberdinak batuko ditu dantzan. Bestetik, azaroaren 23an Ezpata Dantza eta Meza nagusia egingo dituzte Elexaldeko elizan.
Taldeko txikienek ere euren protagonismoa izango dute. Esaterako, apirilean Kataluniara bidaia egingo dute, «gure dantzak bertan erakutsi eta hango kultura ezagutzeko».
Aipatutakoez gain, hauek dira Andra Marik aurten antolatuko dituen ekintza guztiak:
- Otsailak 1, zapatua: ‘Momotxorroak. Kaos baten istorioa’ dokumentalaren emanaldia Torrezabalen
- Otsailak 4, martitzena: Santa Ageda
- Otsailak 22, zapatua: Zuberoako Maskarada
- Otsailak 23, domeka: Kanporamartxo
- Otsailak 28, barikua: Goizuteako eta Antzuolako inauteriak
- Martxoak 1, zapatua: Altsasuko Inauteria
- Martxoak 1, zapatua: Taldeko musikarien emanaldia
- Martxoak 22, zapatua: Dantza saioa Bakion
- Apirilak 5, zapatua: Udaberri Jaialdia
- Maiatzak 3, zapatua: Maiatzeko Erreginak
- Maiatzak 17, zapatua: Alboka Eguna
- Maiatzak 25, zapatua: Ibilaldia
- Maiatzaren 30etik ekainaren 1era: Bekeako jaiak
- Ekainak 7, zapatua: Mozoilo Eguna
- Ekainak 23, astelehena: San Juan
- Uztailean (eguna zehazteke): Folklore Bizian jaialdia
- Irailak 14, domeka: Soka Dantza eta saio nagusia
- Irailak 21, domeka: Larrain Dantza herrikoia
- Urriak 4, zapatua: Elexaldeko jaiak
- Urria (data zehazteke): Musika Bizian
- Azaroak 22, zapatua: ‘Atzoko, gaurko eta biharko Andra Mari’ saioa
- Azaroak 23, domeka: Meza eta dantzak
- Abenduak 14, domeka: Turroi eguna
- Abenduak 24, eguaztena: Olentzero