EGITARAUA | Udazkeneko Sormene urriaren 30etik azaroaren 5era antolatuko da
TESTUA ETA ARGAZKIA: Irati Alonso García
Urriaren 30etik azaroaren 5era bitarte antolatuko da aurten udazkeneko Sormene, egitarau zabalarekin. Besteak beste, musika eta antzerkia uztartzen dituzten saioak eskainiko dira bost egunetan zehar. Hemen batu dugu egitarau osoa egunez egun.
Aurten ere Sormene Galdakaoko sorkuntza plaza ospatuko da eta udazkeneko ekinaldia urriaren 30etik azaroaren 5era izango da. Edizio honetarako egitarau zabala antolatu dute bost egunetan zehar, musika eta antzerkia izango direla protagonista nagusiak.
Gaur aurkeztu dute egitarau osoa Maximo Moreno Musika Eskolan egindako ekitaldian. Honetan parte hartu dute Iñigo Hernando Galdakaoko alkateak, Edurne Espilla Kultura Zinegotziak eta Ane Legarreta zuzendaria eta Sormeneko idazkariak. Hernandoren hitzetan «emakumea eta euskal kultura balioan jartzen jarraitzea ezinbestekoa da eta bide horretatik jarraituko dugu Sormenerekin».
Aurkezpenean izan dira ere Romualda Zuloaga panderojolearen senideak, izan ere, Zuloaga eta Maurizia Aldeiturriagari omenaldia egin nahi izan die Sormenek egitarau honekin. «Etorkizuneko sortzaileei lekua ematea garrantzitsua da baina baita gogoratzea hemen egoteko aukera sortu zuten emakume hauei. Emakume hauei esker hainbat emakume musikatik bizi ahal gara», adierazi du Ane Legarretak hunkituta.
Desi Sanchez, Romualda Zuloagaren ilobak bere aldetik, eskerrak eman ditu: «Oso berezia da guretzat Romualdak egindakoa gogoratu nahi izatea».
Sormenek egingo duen omenaldi hau aprobetxatuz, Espillak iragarri du Galdakaoko Udalak beka bat jarriko duela martxan Euskal Herriko Trikitixa Elkartearekin batera Zuloaga eta Aldeiturriagaren biografia egiteko. «Proposamena jaso genuenean baietza eman genuen lehen momentuan, izan ere, emakumeek izan zuten papera azpimarratzea ezinbestekoa da», nabarmendu du Itsaso Elizagoien Euskal Herriko Trikitixa Elkarteko lehendakariak. Aurrerago emango dituzte bekaren xehetasunak.
Ildo berean, Maixa Lizarribarek, azaroaren 3an pandero tailerra eskainiko duen musikariak, «emakume hauek ireki zuten bidea» azpimarratu du.
Pandero tailerraz gain, beste hainbat ekintza antolatuko dituzte bost egunetan zehar. Hemen batu dugu egitarau osoa
Urriak 30, astelehena
19:00 ‘Genealogia berri bat’ Emakume musikariei buruzko solasaldia Torrezabalen: Ihintza Orbegozo, Garazi Navas, Lide Hernando, Maria Rivero eta Aintzane Camara
Urriak 31, martitzena
Goizean Antzerki tailerrak ikastetxeetan Metrokoadroka Sormen Laborategiaren eskutik
Azaroak 2, eguena
19:00 ‘Zeozertan dabil baina ez dakit zertan’ antzezlana Metrokoadroka Sormen Laborategiaren eskutik
Azaroak 3, barikua*
Goizean Ikastetxeekin pandero tailerra Maixa Lizarribar trikitilari eta panderojolearekin
19:00 Bertso-saioa: Nerea Ibarzabal, Saioa Alkaiza, Onintza Enbeita, Irantzu Idoate eta Oihane Perez
22:00 Ibil Bedi taldearen kontzertua
*Ekintza guztiak Iturrondoko karpan
Azaroak 4, zapatua
Sormenek, Euskalgintzaren Kontseiluaren deialdiarekin bat eginez, ez du emanaldirik antolatuko, ahalik eta herritar gehienek parte hartu dezaten euskaldunon hizkuntz eskubideen aldeko manifestazioan
Azaroak 5, domeka
12:00 Trakamatraka perkusio instrumentuak sortu eta jotzeko tailerra ume eta gurasoentzat, Iturrondoko karpan
19:00 Libe Goitiaren ‘Fas Fatum’ liburuko poemetan oinarritutako kontzertua Torrezabalen: Libe Goitia, Ane Legarreta, Haize Huegun, Izaskun Simon, Begoña Rodriguez, Natalia Sanchez, Maider Legarreta, Elene Uribarri eta Garazi Arrese