Etxebarri-Galdakao lanzadera debekatu zuen epaile berak eman du Laudioko epaia
Polemika
BINKE / 2022ko otsaila
Etxebarri-Galdakao lanzadera debekatu zuen epaile berak eman du Laudioko epaia
ARGAZKIA: Mitxel Atrio
TESTUA: Jon Gomez Garai
Laudioko Udalak langile bat kaleratu zuen, baliabide guztiak aprobetxatu ez eta lanpostu publiko batean aritzeko euskara ikasi ez zuelakoan. Epaile batek, aldiz, langilea berriz hartzera derrigortu du Udala, «euskara zaila» delakoan. Zalaparta piztu du epaiak, eta epaile horrek Galdakaorekin lotura ere baduela deskubritu dugu.
Zeresan handia sortu du asteon epaile batek Laudioko Udalaren erabaki baten aurka hartutako erabakiak. Arabako erakunde honek kontratua eten zion bere langile bati, euskara ikasteko baliabideak jarri arren, zortzi urtez hizkuntza-profila betetzen ez zuelakoan.
Bada, epaileak «euskara zaila» dela eta «inguruko hizkuntzekin loturarik ez» duela argudiatuta epaia eman, eta langilea berriz hartzera behartu du Udala —Arabako Alea tokiko komunikabideak esklusiban iragarri zuen bezala—. Ez hori bakarrik, sententzian bertan «euskara munduko bost hizkuntza zailenen artean» dagoela argudiatuz eman dio arrazoia lanpostu publikoa izan gura duen langile horri.
Euskararen aurkako «beste eraso larri bat» bezala izendatu dute epaia Euskal Herriko ehunka eragilek, eta Laudioko Udalak epaiari helegitea jarriko diola ere adierazi du.
Neurri honetako epaia nork eman ikertzen tiraka hasi eta Argia edo Zorrotz bezalako hedabideek epaile hori nor den argitaratu zuten atzo, otsailak 2 eguaztena. Urrunera joan gabe: epaile hori Ana Maria Martinez Navas da. Galdakoztarrei ezaguna egin dakieken epailea da Martinez Navas, jueza honek debekatu baitzuen Galdakao eta Etxebarriko Metroaren arteko «lanzadera» zerbitzua.
Galdakoztarrek epai horren berri jaso eta, 2015eko otsaileko prentsaurreko batean, Galdakaoko alkate zen Ibon Uribek adierazi zuen ez zuela autobus zerbitzu hori debekatu zuen epailearen «gaitasuna» zalantzan jartzen, baina «albo batera» egin beharko lukeela, «kasu honetan inplikatuta egoteagatik». Martinez Navas epailea lanzadera igarotzen zen kalean bizi zen. Hala gogoratu du Igor Meltxor kazetariak sortu berri duen Zorrotz hedabidean.
Deia egunkariak 2015eko otsailaren 19an argitaratutako datu bat ere batu du kazetari berak hedabide berrian: Galdakao-Etxebarri «lanzadera» debekatu zuen epailea eta zerbitzu honen aurka azaldu zen plataforma herritarra eraikin berean erregistratuta zegoen.