
Euskararen erabileran eragiteko ikastaroa eskainiko diete Galdakaoko guraso euskaldunei
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Smith O.
Euskararen erabilera eragiteko helburuz, ikastaroa eskainiko diete guraso euskaldunei Euskaltzaleen Topaguneak eta Galdakaoko Udalak elkarlanean. Hiru saio eskainiko dituzte ekimenaren baitan eta aurretik izena ematea beharrezkoa da.
Euskaltzaleen Topaguneak eta Galdakaoko Udalak ekimen berria jarriko dute martxan, ‘Guraso Eskola’ izenekoa. Honen bitartez, euskararen erabilera eragiteko ikastaroa eskainiko diete guraso euskaldunei maiatzean.
Udalak azaldu duenez, egitasmoak lau helburu nagusi izango ditu: Galdakaoko guraso elkarteen dinamika ezagutzea; guraso elkarteetan euskararen erabilera areagotzera begira egiten diren eta egin daitezkeen egitasmoak ezagutzea; guraso euskaldunak ahalduntzea (formazio soziolinguistikoa, elkarrizketa elebidunak…); eta egitasmo partekatuak proposatu eta antolatzea.
Hiru saio antolatuko dira ‘Guraso Eskolan’ eta maiatzaren 7, 14 eta 21ean izango dira, 17:30etik 19:00etara, Torrezabal Kultur Etxean (lehenengo solairua, 2. gela).
Lehenengo saioa ahalduntzea eta pedagogiari buruzkoa izango da eta honako galderei erantzutera bideratuta egongo da: «Zer rol jokatzen dugu guraso euskaldunok?» «Nola eragin gure inguruan?»
«Nola eragin dezakegu?» goiburuarekin, hausnarketa hauek egingo dira bigarren saioan: «Nolako egitasmoak antolatu ditzakegu?» «Nola eragin jende gehiagorengan?»
Hirugarrenean aldiz, hauek dira plazaratuko diren galderak: «Zer egingo dugu?» «Nola jardun dezakegu elkarrekin?» «Zer egin dezakegu Galdakaon?»
Programan parte hartzeko beharrezkoa da izena ematea apirilaren 30a baino lehen eta horretarako, galdetegi hau bete beharko da.