
Ezohiko udaberri bat berriro, ez
Gerra Zibila gurean
BINKE / 2021eko ekaina
Ezohiko udaberri bat berriro, ez
TESTUA: Beñat Armentia eta Ander Aperribai
ARGAZKIAK: Galdakao Gogoraren eta Udalaren artxibotik
Joan den maiatzean 84 urte bete ziren hegazkin alemaniarrek Francoren aginduz Galdakao bonbardatu zutenetik. Ezaguna da pasarte odoltsu honek hainbat hildako utzi zituela herrian, baina nahitaezkoa da era berean gertakari hura bere osotasunean ulertzea. Bada, idatzi honetan, garai hartako testuingurua eta gertatutakoa azaltzeaz gain, horren harira Galdakaoko Udalak egindako lanketa zein izan den azaldu gura du Binkek.
Uztaila, 1936. Gerra Zibilak eztanda egin eta tropa frankistek Euskal Herria okupatzeari ekin zioten. Altxamenduaren lehenengo egunetan Nafarroa eta Arabaren zatirik handiena —Aiaraldea salbu— bereganatu ostean, kolpistek iparralderantz joko dute, errepublikari leialak diren gainontzeko bi lurraldeak konkistatzeko helburuarekin. Ordurako, milaka gazte bolondres prest dira etsaiaren erasoei aurre egiteko, eta gerra fronte desberdinak eratuko dira euskal lurraldean zehar.
Bien bitartean, Gerra Zibilaren testuinguruan eratzen da Lehenbiziko Eusko Jaurlaritza —1936ko urrian—, Agirre Lehendakariaren mandatupean. Haren aginduz erabakitzen dute, besteak beste, Euzko Gudarostea antolatzea eta Burdin Hesia eraikitzea. Bilbo eta bere inguruko industria-gune eta toki estrategikoak —Aerodromoak, urtegiak, portua eta abar— defendatzeko xedez eraiki zen defentsa sistema hau.
Orotara 80 kilometro luzez osaturiko defentsa sare gotortua izango da hau —lubaki, metrailadore habi, polborategi, babesleku eta abarrez osatua—, pisu handia izanik Galdakaok gainera, defentsa-sistemaren tarte handi bat herritik pasako baita, gune bereziki gotortua, Bilborako sarrera naturala Galdakaotik pasatzen zelako. Alberto de Montaud Ingeniarien komandantea izan zen diseinatzen arduradun. Aldiz, lanaren gidaritzaren kargua Pablo Murga eta Alejandro Goikoetxea kapitainen esku gelditu zen.
Ezohiko udaberri bat. Armada kolpistak 1937ko martxoaren 31n ekin zion Bizkaiaren kontrako ofentsibari. Egun berdinean, Durangoren bonbardaketa emango da atzeguardian, honek herriaren erabateko suntsiketa eta hamarnaka hildako utziko dituelarik. Handik eta gutxira, apirilean zehar, faxistek garaitua zuten Intxortako frontea —Elgeta inguruan—, erresistentzia mugarri nagusietako bat izanik Euskal Herrian. Hala, Bizkaiaren erorialdia bizkortu egingo da, nahiz eta orduko gudari eta milizianoek oraindik kontrolpean zuten lur zentimetro bakoitza defendatzeko sekulako balentria erakutsiko duten, Saibigain edo Lemoatxa bezalako gune estrategikoen defentsan, adibidez. Ekaina hasierarako, armada matxinoa Burdin Hesitik kilometro gutxitara aurkitzen zen. Hau zuten faxisten aurka egiteko azken bala, bertan galduz gero Bilboren konkista saihestezina baitzen.
Udaberria zen, ezohiko udaberri bat. Soldadu eta langileen presentzia nabaria zen Galdakaon barna, aurretik zetorren ofentsibaren aurkako autodefentsa sarea eraikiz hauek, estu eta larri. Era berean, Bizkaian zehar askotarikoak ziren faxisten demasiak, Durangoko edo Gernikako bonbardaketak kasu. Martxoan bata, bigarrena aldiz apirilean, bi hauek dira bereziki Euskal Herriak bere memoriaren apalategian gordeak dituen eta nabarmenenak, ez ordea bakarrak.
Udaberri hartan Galdakaok pairatu zuen basakeria ikaragarria izan zen. Xabier Irujo historialari adituaren arabera, Galdakaok gutxienez 28 aire bidezko bonbardaketa pairatu zituen. Azken ikerketen arabera, bonbardaketa hauen kaltez 37 izan ziren hildakoak, horietatik 29 galdakoztarrak. Hala ere, maiatzaren 19koa izan zen hauetatik odoltsuena. Hegazkin alemaniarrek jaurtikitako leherkarietako batek Plazakoetxen kokaturik zegoen babesleku baten aho bat leherrarazi zuen. Plazakoetxeko bonbardaketa honek 16 hildako utzi zituen, guztiak galdakoztarrak. Horren arrazoi da maiatzaren 19an, urtero, egun hartan hildako pertsonen zein gerran zehar demokrazia eta askatasuna defendatzeagatik bizitza eman zuten pertsonen omenez egiten den oroimen ekitaldia.

Testuinguruaren gakoetako batzuk. Kolpistek eginiko basakeriak ikusita —bonbardaketa kasu—, herritar askok haien etxeak eta lurrak uztera behartuak ikusi ziren, erbestean leku seguruak bilatuz. Era berean, Eusko Jaurlaritza gogotik aritu zen honetan, eta umeak ebakuatzeko plana eratu zuten, halabeharrez. Belgika, Frantzia, Britaniar Handia, Sobietar Batasuna… askotarikoak izan ziren euskaldunek babes bila alde egin zuten tokien zerrenda. Kontxi Belandia galdakoztarra, esaterako, ume zelarik, Xixonetik itsasontziz ihes egin eta Roeu-n —Normandian— egon zen hiru urtez bere ama eta anai-arrebekin —bidean amama ere galduz—.
Testuinguru horretan erabakitzen da Euskal tropen 2. Dibisioaren Aginte-postua Galdakaon ezartzea. Batez ere aurretik zetorrenaren aurka egiteko zegoen antolaketa eza medio hartu zuen Eusko Jaurlaritzak erabaki hau. Honetarako, Kurtzeko plazaren ondoan zeuden Leon Asuaren —gaur egungo Peña Santa Cruzen eraikina— eta Paskual Ellakuarieren etxeetaz baliatuz. Joaquín Vidal Munárriz koronela zen 2. Dibisioaren operazio militarrak zuzentzearen arduraduna, eta besteak beste Lemoatxaren defentsaz izan zen kargu.
Are, gehitu horri egun Gandasegiko eskola den eraikina, gerra garaian EAE-ANVren —Euzko Abertzale Ekintza— Azkatasuna 4. batailoiaren kuartel militarra izan zela. Euzko Gudarosteko ingeniarien 8. batailoia zen, zapatzaileen batailoia, alegia. Gerra giroa bor-bor, Galdakao bera gako izanik.
Aldebiko traizioa. Burdin Hesia zen giltzarri, eta nola ez, faxisten jomuga nagusi. Bada, lanaren gidaritzaren arduradun zen Pablo Murgari, honen planoak faxistei pasatu zizkiela harrapatu ostean, berau epaitu eta fusilatu egin zuten.
Murgaren exekuziotik eta gutxira iritsi zen bigarren traizioa. Burdin Hesiaren eraikuntza lanen ardura Alejandro Goikoetxea kapitainaren esku utzi zuten. Goikoetxea, 1937ko otsailaren 27an, matxinoen bandora pasatu zen. Bilboko defentsen eta gerra-fronteko beste puntu batzuen planoak eman zituen, baita eraso faxistarako eremu ahul eta zaurgarriak nahita utzi zituen lekuen informazioa ere.
Orduan eta hurbilago ziren Galdakaotik. Planoak jada etsaiaren eskuetan, aire bonbardaketa etengabeak, Bilborako bidea are eta urratuagoa zuten.
Larrabetzutik Galdakaora. Bizkaiko gune estrategikoenen jabe egitea zuten batik bat ipar faxistek. Ekainaren 12an, Goikoetxeak emandako informazioari esker, eta aireko eta artilleriako nagusitasunari esker, armada kolpistak Burdin Hesia hautsi ahal izan zuen bere ahulguneetako batetik erasotuz: Bizkargiko frontea, Urkuluko kordala eta Larrabetzuko Gaztelumendin. Behin Burdin Hesia eraitsirik, Bilbo eta gainontzeko Bizkaiko lurraldearen konkista saihestezina zen.
Ekainaren 13an Larrabetzu hartu, eta Santa Marina ingururantz abiatu ziren bertatik, hala, Artxandako guduaz ezagutzen den borroka gogorrei hasiera emanez. Behin Santa Marina bereganaturik, aise abiatu ziren Galdakaora. Ekainaren 15ean sartu ziren herrira, lurreko artilleria eraso eta bortitz baten ostean. Kolpisten aurrerapena ekiditeko, Usansoloko Torreondo eta Plazakoetxeko zubiak dinamitatuak izan ziren, baina ez Puentelatorre, Torrezabal eta Mercadillo zubiak, eta frankistek berorietatik Ibaizabal ibaia igarotzea lortu zuten hala.
Bien bitartean, Bekea eta Usansolo inguruan zutik dirauen Burdin Hesitik egin beharra dute ihes gudariek eta milizianoek. Dena galdurik, Upo mendi ingururantz egiten dute alde faxisten hatzaparretan ez erortzeko helburu bakarrarekin, baina haietako hainbat atzean gelditzen dira, zauriturik. Gaur egun jada existitzen ez den Artetako Santotxikerra ermitan harrapatu zituzten, eta testigantzen arabera, bertan akabatu zituzten denak, datuen arabera, dozena bi gudari eta miliziano inguru.
Inuntziaga txaleta eta errepresioa. Ekainaren 16rako faxistena zen kontrola, guztizkoa, absolutua. Ejerzitu kolpistak Galdakao bere egin eta Iturrondoko plazan kokaturik zegoen Inuntziaga txaletean ezarri zuen behin-behineko Aginte-postua. Rafael Garcia Valiño teniente koronelak agintzen zituen tropa frankistak. Txaletaren atzeko baratzea, harresi garai batez inguratua zegoena, behin-behineko presondegi bihurtu zuen. Hainbat izan ziren gatibatu zituzten gudari eta milizianoak han, herritar galdakoztarrak ere bai.
Behin-behineko presondegi honetatik, beste kartzela batzuetara lekualdatu zituzten presoak. Besteak beste, Bilboko Larrinagako eta Orue txaleteko kartzeletara, Zornotzako Karmelo Ikastetxeko presondegira edota Mutrikun kokatzen zen Saturrarango emakumeen kartzela ezagunera. Hauetariko asko, gerra kontseiluetan epaitu eta fusilatu egin zituzten, eta beste askori urte luzeetako kondenak ezarri zizkieten.
Izan ziren bestelako errepresio mota batzuk pairatu zituzten herritarrak ere bai, ikerketek hala adierazi bezala. Horien isla dira, esaterako, udaleko hainbat langileren, maisu-maistren, edo zuzenean galdakoztar emakumezkoen aurka tropa frankistek egindako oldarraldiak. Edota, beste kasu batzuetan, herritar hauek lan-batailoietara, edota are gehiago, frankisten bandoan gerran parte hartzera behartuak izan ziren, egin ezean heriotzera kondenatuak izanik. Beste herritar askok, erbestea aukeratu zuten, eta asko ez ziren inoiz euskal lurretara itzuli.
Ekainak 19, faxistena zen Bilbo. Helburua lortu eta Bizkaia osotik segitu zuten hedatzen. Behin Bizkaia osoa bereganaturik, eta Santoñan hainbat euskal batailoia atxilotuak direlarik, Gerra Zibila Euskal Herrian amaitzen da. Hala, gerrak Espainian barrena jarraituko du, hau bukatu eta berarekin batera frankismo ilunari hasiera emanez.
Galdakaoko Udalak, zer? Galdakaok bizitako pasarte odoltsua ez da lekutan geratu urte hauetan guztietan. Bada, gertakizunaren inguruko azterketa antzu eta sakonak egin ostean aurkeztu zuen Udalak Galdakao Gogora elkartearekin batera 2017an Altamirako ibilbidearen berreskurapena, ibilgunea seinalatu eta hainbat bisita eginez bertan.
Aurten, berriz, herriguneko memoria ibilbidea aurkeztu da. Azken honen adierazle dira, esaterako, herritik zehar gune desberdinetan Gerra Zibilaren inguruko informazioa helarazteko jarri diren panelak, edota Tximiolarreko babeslekuaren berreskurapena. Hemen, hurrengo urtean interpretazio gune bat sortzeko aukera aztertuko du Udalak. Nabarmentzekoa da, azken urte hauetan Galdakao Gogora elkarteak buruturiko lanen eta Udalaren arteko lankidetzaren fruituak direla hauek.
Bestetik, Udalak Binkeri primiziaz helarazi dionez, datorren urteari begira hainbat dira eskuartean dituzten asmoak. Esaterako, gorpuen berreskurapenari garrantzia eman eta Galdakaotik kanpo dauden gudari zein milizianoen hilotzak berreskuratzeko lanak martxan jarri nahi dituzte. Edota, aurrekoaz gain, Bekea eta Bekelarretik pasatzen zen Burdin Hesiko ibilbidearen egituren garbiketa eta interpretazioa egin nahi dute, memoria ibilbide berri bat sortuz.
Erakundeak berak adierazi bezala, «urte berezia izango da datorrena, Galdakaoren kontrako bonbardaketen eta Galdakaoren konkistaren 85. urteurrena izango baita, eta zerbait berezia izatea gura dogu». •
