Usansoloko Udalak geltokia kentzearen kontrako jarrera instituzionala adieraziko du

Argazkia: BINKE.

Usansolo Herria eta Usansoloko EH Bildu taldeek mozioa aurkeztuko dute gaurko osoko bilkuran, Udalak egungo tren geltokia kentzearen kontrako jarrera instituzionala adierazi dezan. Alderdien esanetan, geltokia kentzeak «mugikortasunari, lurralde-kohesioari eta udalerriaren garapenari eragingo liokeen inpaktu negatiboa izango du».

Galdakao eta Usansolo igaroko dituen Metroaren 5. linearen proiektua aurkeztu zenetik, kontra agertu dira usansolotarrak. Izan ere, egungo tren geltokia kendu eta Usansoloko ospitalean jarriko dute Metro geltoki bakarra.

«Azpiegitura hori galtzeak eragina izango du eguneroko mugikortasunean, garraio publikorako sarbidean eta, ondorioz, gure bizilagunen bizi-kalitatean», salatu dute Gobernu taldea osatzen duten Usansolo Herria eta Usansoloko EH Bildu taldeek, eta horregatik, mozioa aurkeztuko dute gaur arratsaldean Txapelenan egingo den osoko bilkuran.

Mozioan Usansoloko Udalak herriko tren-geltokia kentzearen aurkako jarrera instituzionala adierazteko nahia batuko dute, «mugikortasunari, lurralde-kohesioari eta udalerriaren garapenari eragingo liokeen inpaktu negatiboagatik».

Udaleko Gobernu taldeari eskatuko diote, tren-azpiegituren eta garraioaren plangintzaren arloan eskumena duten erakunde eta organismoei formalki eskatu diezaien gaur egun aurreikusita dagoen proiektua berrikusi eta alda dezaten, «Usansoloko mugikortasun, hiri-kohesio eta garapen sozioekonomikoaren beharretara hobeto egokitzen den irtenbidea txertatuz».

Bestalde, Usansoloko Udalaren, erakunde eskudunen eta udalerriko gizarte-eragileen artean elkarrizketa- eta koordinazio-prozesu bat abiarazteko eskatuko dute, «tren-zerbitzuaren jarraitutasuna bermatuko duten konponbideak bilatzeko». Halaber, erabaki hau administrazio eta organismo eskudunei helaraztea, ezagutu eta kontuan har dezaten.

Azkenik, sinatzen duten talde politikoek Usansoloko geltokia erdigunean kokatuta mantentzearen aldeko konpromisoa adieraztea nahi dute, jarrera hori maila supramunizipaleko erakundeetan zein beren alderdien barne-esparruetan  goi eztantziatan sustatuz.

«Gure jarrera hau gauzatzeko, alderdi bakoitzak publikoki bere arduradunei, instituzioetan, beren esku dagoen guztia eta beharrezkoak dieren ekimenak egin ditzaten eskatu behar diete», azpimarratu dute.

Geltokia erdigunean plataformak mozioa babestu du, eta hori onartzea eskatzeko elkarretaratzera deitu du 17:30ean Txapelenean, osoko bilkura baino lehen.



situs togel

situs toto