Sei urteko ume bat perdigoi batek jota zauritu zen apirilaren 10ean Usansoloko Unkina parkean. Usansolotarrek salatu dutenez, eraso gehiago egon dira inguruan antzeko arma batekin.
Ezinegona sortu da azken asteetan Usansolon Unkina plazaren inguruan izan diren eraso batzuen ondorioz. El Correo egunkariak batu duenez, sei urteko ume bat perdigoi batek jota zauritu zen apirilaren 10ean Unkina parkean.
Umea parkean zegoen eta aitari esan zion hankan ziztada bat somatu zuela. Jarraian osasun zentrora joan ziren, eta han medikuak esan zion ez zela intsektu batek egindako ziztada, baizik eta perdigoi batek jo zuela.
Umearen gurasoak parkera itzuli ziren eta orduan konturatu ziren bankuaren ondoan berunezko perdigoi bat zegoela. Konfirmatu ezin duten arren, perdigoia parkearen ondoko etxebizitzaren batetik jaurti zutela uste dute.
Gurasoek salaketa jarri zuten Ertzaintzan eta adierazi dutenez, ez da horrelako eraso bat gertatzen den lehen aldia. Gazte bat eta gizon bat ere perdigoiak jota zaurituak izan dira azkenaldian.




