Galdabusak neguko ordutegia izango du gaurtik maiatzaren 31ra bitarte
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Gaurtik, urriak 1, aurrera eta maiatzaren 31ra bitarte, auzoen arteko Galdabusak neguko ordutegia izango du. Albiste honetan batu ditugu aldaketa guztiak.
Gaur, urriak 1, hasiko da neguko ordutegia auzoen arteko Galdabusean eta maiatzaren 31ra izango da martxan. Galdakaoko Udalak jakinarazi duenez, «astean zehar ez du aldaketa handirik izango eta asteburuetan nabarituko da gehien moldaketa».
Udako ordutegian zapatu arratsaldetan eta domeketan ere martxan izan da Galdabusa, «uda partean nabarmen gehitzen direlako igerilekuetarako joan-etorriak eta aisialdiko beste jarduera batzuetara joateko bidaiak».
Neguko ordutegian, aldiz, herriko denda txikiak zabalik dauden ordutegira egokituko da zerbitzua eta zapatu eguerdian amaituko da. Hortaz, horrela geratuko dira ordutegiak:
- 1. Linea: Aperribaitik 14:20an abiatuko da azken zerbitzua larunbatetan, eta 14:40an udaletxetik.
- 2. Linea: 14:00etan abiatuko da larunbatetako azken autobusa eta 14:20an Elexaldetik. Zapatu goizetan, aldiz, lehenago hasiko da zerbitzua eta bidaia bat gehiago egingo du autobusak: Zuhatzutik lehen autobusa 8:40an abiatuko da zapatuetan, eta Elexaldetik 09:00etan. Domeketan eta jaiegunetan ez da zerbitzurik izango, salbuespenak salbuespen. Azaroaren 1ean, adibidez, Elexalderako zerbitzua egongo da, hilerrirako joan-etorriak erraztu eta autoaren erabilera gutxitzeko helburuz.
Astean zehar aldiz, hau izango da aldaketa bakarra: 08:10ean Zuhatzutik Elexaldera abiatzen den autobusa ez da Bekea eta Olabarritik pasako. Udalak azaldu duenez, «goizeko ordu horietan trafiko handia izaten da N-634 errepidean eta asko zailtzen du ibilbidea garaiz egitea». Hala ere, aurreko zerbitzua eta ondorengoa eta gainontzeko guztiak izango dituzte Bekea eta Olabarriko auzokideek.