
Galdakaoko enpresei laguntza eskaintzeko jardunaldia antolatu zuen Udalak
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Galdakaoko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta Spri, Enpresa Garapenerako Euskal Agentziarekin elkarlanean, digitalizazioari buruzko jardunaldia antolatu zuen herriko enpresentzat. Pasa den astean izan zen eta zortzi enpresatako ordezkariak batu ziren saioan.
Galdakaoko Udalak Toki Garapeneko eta Enpleguko Unitate Teknikoaren bidez udalerriko enpresa sarea eta enplegu sorkuntza sustatzeko duen programaren baitan, herriko enpresei beren lehiakortasuna eta hazkundea hobetzen laguntzeko jardunaldia antolatu zuen pasa den astean.
Saioa Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta Spri, Enpresa Garapenerako Euskal Agentziarekin elkarlanean egin zuen eta zortzi enpresatako ordezkariek parte hartu zuten. Monika Bailon Enplegu eta Garapen Ekonomikoko zinegotzia ere bertan izan zen.
Bileran, alde batetik, Spriko adituek enpresetan zer nolako lana egin ahal duten azaldu zuten, eta Gaitasun Digital Profesionala eta Inplantalariak zerbitzuak aurkeztu zituzten. Bestetik, Insec enpresaren kasu praktikoa ezagutarazi zuten, bi programetako lehenengoan parte hartu baitu.
Beste hainbat gai jorratu ziren ere, besteak beste, enpresa lehiakorra lortzeko plantillak gaitzea eta Adimen Artifizialak denbora aurrezten eta bezeroei arreta hobea eskaintzen nola lagun dezakeen. Azkenik, bertaratutakoen zalantzak eta galderak argitzeko eta kafe eta networking saio labur bat egiteko tartea ere izan zen.