Leioako Ondiz Dorrean batu ziren pasa den astean Galdakaoko eta Leioako Haurren Kontseiluak, eta esperientziak partekatu zituzten. Topaketan 50 haur inguruk parte hartu zuten, eta talde bakoitzak zer egiten duen eta nola egiten duen azaldu zuen.
Galdakaoko Haurren Kontseilua osatzen duten 25 gazteak Leioako parte-hartze taldeko euren kideekin elkartu ziren pasa den astean, Ondiz Dorrean.
Saioak bi taldeei esperientziak, proposamenak eta parte hartze moduak partekatzeko aukera eman zien, «giro dinamiko eta elkarlanekoan», Galdakaoko Udalak azaldu duenez.
Topaketan 50 haur inguruk parte hartu zuten, eta talde bakoitzak zer egiten duen eta nola egiten duen azaldu zuen: nola antolatzen den, zer ekimen bultzatzen dituen eta zeintzuk diren bere inguruan gehien kezkatzen dioten gaiak…
Jardunaldia «elkarrekiko ikaskuntzarako gune bihurtu da, eta haurrek beste errealitate batzuk ezagutzeko, ideiak trukatzeko eta euren parte hartzearen balioa herriak hobetzeko tresna gisa indartzeko aukera izan zuten».
Ekimen hau iaz hasi zen mamitzen, urrian hain zuzen, Galdakaoko Udalak bi kontseiluen arteko saio bateratua antolatzeko proposamena egin zuenean.
Galdakaoko Haurren Kontseilua proiektu aitzindaria da eta hiru urteko ibilbidea du jada. Orain arte, Haurren Kontseiluak guztira 58 proposamen aurkeztu ditu, eta horietatik 12 onartuak izan dira.




