Galdakaoko familia bat oporrik gabe geratu da, iruzur batengatik
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Fraudesonline
Familia galdakoztar batek 1.569 euro ordaindu zituen Parisera oporretan joateko baina webgune bidezko iruzur batengatik oporrik gabe geratu dira. Albiste honetan batu ditugu iruzurarren xehetasun guztiak.
Urtero egiten duten moduan, Ana Moreno eta bere familia galdakoztarrak oporrak antolatu zituzten. Aurten Parisen egun batzuk igarotzeko etxe bat alokatu zuten Booking webgunearen bitartez eta guztira 1.569 ordaindu zituzten.
Deia hedabideak azaldu duenez ordea, Morenoren familia oporrik gabe geratu da, izan ere, webgune bidezko iruzur bat jasan dute. Booking bitartez beste webgune batera sartu ziren eta honetan sufritu dute iruzurra.
Fidantza gisa 1.000 euro gehiago eskatu ondoren, iruzur egiten ari zitzaizkiela jabetu ziren: ez zegoen ez dirurik ez etxerik. Hori dela eta, Ertzaintzara jo zuten salaketa izapidetzeko: «Ez zen iruzur mota horri buruzko lehen salaketa»,azaldu dio Morenok Deia hedabideari.
«Bookingekin gehiagotan bidaiatu dugu eta ez da arazorik egon. Jendeak zer gertatzen ari den jakitea nahi dut, horrelako iruzurretan jende gehiago eror ez dadin», azpimarratu du emakumeak, arazoa konpontzeko helburuz Bookingekin harremanetan daudela azalduz.