
Galdakaoko gazte udalekuetan izena emateko epea zabalik dago
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Cooperación Educativa
Galdakaoko 12 eta 16 urte bitarteko gazteek udalekuetan parte hartu ahal izango dute aurten ere. Hiru txandatan antolatuko dira eta izena emateko epea zabalik dago maiatzaren 31ra bitarte.
Aurten ere udalekuetan parte hartu ahal izango dute 12 eta 16 urte bitarteko Galdakaoko gazteek. Bertan aisialdiko hainbat jarduera egiteko aukera izango dute, hala nola, ginkanak, eskulanak, sukaldaritza, ur jolasak, eta abar.
Udalekuak Aperribai, Indarra eta Plazakoetxeko Topaguneetan egingo dira ekainaren 25etik uztailaren 23ra, hiru txandatan eta izena emateko epea zabalik dago maiatzaren 31ra arte.
Hiru txanda ezberdinetan parte hartu ahal izango dute gazteek, 10:30etik 13:30era egunero eta 16:30era irteetara dagoen egunetan. Nahi beste txandatan izena eman dezakete eta, beste lagun batzuekin joateko aukera errazteko, banaka, binaka edo hirunaka apuntatu daitezke. Plaza guztiak betetzekotan, taldetxo horiek errespetatuko dituen zozketan erabakiko dira hautatuak. Hori ekainaren 2an izango da eta emaitzak Udalaren webgunean eta Torrezabal Kultur Etxean ezagutu ahal izango dira ekainaren 3tik aurrera.
Izen ematea online bakarrik egin ahal izango da Udaleko webgunean. Hala ere, zailtasunik izanez gero, interesdunek hitzordua eskatu ahal izango dute 944 010 528 telefonoan. Hauek dira hiru txandak:
- 1. txanda: ekainaren 25etik uztailaren 4ra (8 egun)
- 2. txanda: uztailaren 7tik 11ra (5 egun)
- 3. txanda: uztailaren 14etik 23ra (8 egun)
Txanda batean baino gehiagotan izena emanez gero, bakoitzaren batura ordainduko da eta prezio arruntari hobariak aplikatu ahal izango zaizkio diru sarreren arabera. Behin plaza lortuta egingo da ordainketa. Gazte udalekuak 2025 programan parte hartu ahal izateko prezio publikoak hauek dira:
Familiaren diru sarrerak 37.800 eurotik gorakoak badira, prezio arrunta ordainduko da: 1. txandan 45 euro, 2. txandan 30 euro eta 3. txandan 45 euro. Familiaren diru sarrerak 29.400 eurotik gorakoak eta 37.800 eurora artekoak diren kasuetan, %30eko hobaria aplikatuko da eta hauek izango dira prezioak: 1. txandan 31,5 euro, 2. txandan 21 euro eta 3. txandan 31,5 euro.
Familiaren diru sarrerak 16.800 eurotik gorakoak eta 29.400 eurora artekoak diren kasuetan, %50eko hobaria aplikatuko da, prezio hauekin: 1. txandan 22,5 euro, 2. txandan 15 euro eta 3. txandan 22,5 euro. Familiaren diru sarrerak 0 eurotik gorakoak eta 16.800 eurora artekoak diren kasuetan ordea, %85eko hobaria aplikatuko da eta prezioak hauek izango dira: 1. txandan 6,75 euro, 2. txandan 4,5 euro eta 3. txandan 6,75 euro.