Gabonak Covid garaian
BINKE / 2020ko abendua

Olentzero eta Mari Domingiren bisitaz gozatzeko oharrak, Galdakaon eta Usansolon

TESTUA: Erredakzioa
ARGAZKIA: Gotzon Almaraz

Aurtengo Gabonek ezin izango diote pandemiari entzungor egin eta horregatik Olentzero eta Mari Domingiren bisitak aldaketak ekarriko dituzte Galdakao eta Usansolora ere. Kaleko agerpenik ez da izango eta ekitaldiak antolatu dira Torrezabalen eta Unkinan.

Nork esango zigun guri iazko Gabonetan, aurten horrela egongo ginenik? Iazko urtera joan barik ere, nork esango luke aurtengo martxoan, honek hainbeste iraungo zuenik… Baina bai, Gabonek ezin izan diote mundu mailako pandemia honek sortutako egokitzapenei izkin egin.

Horregatik, aurtengo Olentzero eta Mari Domingik Galdakaora eta Usansolora egingo duten bisitetan ez da kalejirarik egongo, dantzari txikiek ezin izango diete kalez-kale dantzarik egin, gure etxeko kutunak ezin izango dira euren atzetik joan eta Santi Brouard zein Unkina plazetan egin ohi den ekitaditxoa, subila-jartzea eta euren inguruan kantatzea barne, ezin izango dira egin.

Horrela ba, Patakonek —Olentzero eta Mari Domingiren bisita Galdakaon antolatu ohi duen elkarteak—, Usansolon Euskaraz, Lamintxu Gazte Asanbladak, UJABAk eta Oinarinek —Usansoloko bisita antolatu dutenak— eta Udalak aldatu egin dute plana. Urterokoa egin beharrean, Gabonetako bi pertsonaia maitatuenak ez dira kaletik ibiliko Galdakaon ez Usansolon eta horren ordez Torrezabal Kultur Etxean eta Unkina kiroldegian eskainiko dituzte bisitak, hurrenez hurren.

Hauek dira bisita horietarako kontuan hartu beharreko oharrak:

Olentzero eta Mari Domingi Galdakaon

  • Abenduaren 23an eta 24an bina saio izango dira Torrezabal Kultur Etxeko areto nagusian: 16:30ean lehena eta 18:30ean bigarrena.
  • Sarrera doakoa izango da, baina gonbidapenak Torrezabaleko txarteldegian banatuko dira emanaldi bakoitza baino ordu bete lehenago.
  • Pertsona bakoitzari gehienez lau sarrera banatuko zaizkio.
  • Sarrera zenbakidunak dira eta izendatutako tokia erabili beharko da.
  • Taldeak lau pertsonakoak izan daitezke gehienez, bizikidetza unitate berekoak badira betiere.

Olentzero eta Mari Domingi Usansolon

  • Abenduaren 24an saio bi eskainiko dira Unkina kiroldegian: 11:00etan lehenengoa eta 12:15ean bigarrena.
  • Ate irekiera 10:40ean egingo da lehenenego saiorako eta 11:55ean bigarrenerako.
  • Sarrerak eskuragarri izango dira abenduaren 21ean, astelehena, Usansolo Herriaren egoitzan 17:00 – 19:00 bitarte.
  • Familia bakoitzeko nagusi bakarra joan ahal izango da ekitaldira.
  • Usansolon erroldatutako umeek lehentasuna izango dute.
  • Gutuna eramateko gomendioa egin dute.

Herri bateko zein besteko ekitaldietan, noski, Covid garaiak exijitzen dituen neurri guztiak bermatuko dira.

Eguberri on!