Galdakaoko Udalak 3,67 milioi euro gehitu dizkio aurrekontuari

Argazkia: Galdakaoko Udala.

Apirileko osoko bilkura egin zuen Galdakaoko udalbatzak hilaren 30ean, eta bertan aurrekontuari 3,67 milioi euro gehitzea onartu zuen. Besteak beste, Auzotik Galdakao parte-hartze prozesuetan herritarrek erabakitako neurriak gauzatu eta enplegu planak areagotuko dira diru horrekin.

Galdakaoko udalbatzak apirilaren 30ean egin zuen hileko osoko bilkura, eta bertan «herritarren egunerokoan zuzenean eragingo duten hainbat erabaki hartu zituen».

Batetik, udal aurrekontua 3,67 milioi euro handitzea onartu zuten alderdiek. Horietatik 1,76 milioi euro Udalak aurrez konprometituta dituen kredituei dagokie, hartutako konpromisoak betetzeari.

Auzotik Galdakao parte hartzerako egitasmora zuzenduko da beste zati handi bat. Zehazki, erritarrek parte-hartze foro horietan proposatu eta erabaki dituzten hainbat neurri gauzatzera 620.000 eurotik gora bideratuko dira.

Halaber, langabezian dauden galdakoztarrei laguntzeko helburua duten enplegu planetarako, 600.000 euro gehiago jarriko ditu Udalak. Aurrez onartuta dagoen zenbatekoa gehituta, aurten 1.200.000 euro bideratuko dira lan premian dauden herritarrentzako planetan.

«Helburua argia da: sei hlabeterako kontratuen bidez, langabezian dauden herritarrei hainbat ofiziotarako bidea erraztea», azaldu du Udalak. 50 bat galdakoztarrei enplegu planetan parte hartzea ahalbidetuko du partida handitze honek.

Udal gobernua osatzen duten EH Bildu, Usansolo Herria eta Auzoak taldeen aldeko 13 botoekin eta oposizioko EAJ-PNV eta PSE-EE taldeen abstentzioekin hartu zen erabakia.

Bestetik, Udalaren eskumenekoak diren kirol instalazioak kudeatzeko, kirol jardueren zerbitzua emateko eta Urretako kiroldegian izango den fitness gelarako ekipamenduaren hornidura emateko kontratua onartu zen osoko bilkuran.

Zerbitzuak Urreta kiroldegiari, Zugutzuko kirol eremuari, Elexaldeko kiroldegiari zein igerilekuei, Kurtzea frontoiari eta Aperribaiko frontoiari eragiten die. Lau urterako kontratazioa da, eta 15 milioi euroko balioa du.

Indarrean dagoen kontratua abuztuaren 31n amaituko dela eta Urretako kiroldegia handitzeko lanak ere uda bukaeran amaituta egongo direla aurreikusita egin da kontratu berrirako plangintza. Hain zuzen, Urreta kiroldegiaren handitzeak eragin nabarmena izango du kontratuan, fitness gela berria izango baitu eta horrek zerbitzu berriak izatea eskatzen baitu. Eskualdeko udal gimnasio moderno eta osatuenetakoa bihurtuko du horrek Urretako kiroldegia.

EH Bildu, UH, Auzoak eta EAJren aldeko botoekin eta PSE-EEren abstentzioekin hartu zen erabakia. 

Azkenik, lokalak etxebizitza bihurtzeko ordenantzaren hasierako onarpenari bide eman zioten alderdiek, alokairuen prezioa mugatuta eta etxe bihurtuko diren lokalak pisu turistiko izateko aukerari bidea moztuta.

Urtarrilean onartu zen aurrez ordenantzarako lehen pauso hori, baina zenbait alegazio jaso zituen proposamenak. Udal Gobernuak ekarpen horietako batzuk ontzat eman ondoren, berriro eraman da gaia osoko bilkurara, hasierako onarpena egin dezan eta testua jendaurrean jar dadin. Bi aldaketa nagusi ditu gaur onartutako proposamenak:

  • Erabilera turistikoa debekatu eta etxebizitza berri horiek ohiko bizileku izatea behartzea.
  • Alokairurako gehienezko errenta finkatzea, alokairuak ez daitezen abusuzkoak izan.

situs togel

situs toto