Mendi taldea
BINKE / 2020ko iraila

Gangurenek bere 75. urteurrena ospatu ahal izango du

TESTUA: Beñat Armentia Arriandiaga

Hasieran zaila bazirudien ere, hainbat ekintza, lehiaketa eta ekitaldi antolatu ahal izan ditu Ganguren Mendi Taldeak bere 75. urteurrena ospatzeko. Segurtasun neurriak bermatuz, irailean hasi eta abenduan bukatuko den egitaraua prestatu dute.

Ganguren Mendi Taldea 1945an jaio zen. Urteetan zehar egindako lanari esker aski ezagunak bilakatu dira bi urterik behin ospatu ohi diren Hiru gurutzeak eta Mugarriz mugarri lasterketak. Maiztasun handiarekin prestatzen dituzten txangoak, negu aldean egiten dituzten ski irteerak eta halako beste zenbait tarteko, Galdakaoko mendizaleen erreferente izatea lortu du taldeak.

Aurten bete dituzte 75 urte, eta arrazoi honegatik hain justu hainbat motatako ekintza, hitzaldi eta bestelako ekimen prestatu dituzte datozen hilabeteetarako, hauek guztiak betiere egun bizi dugun egoerara moldatuz eta beharrezkoak diren segurtasun neurriak betez.

Irailari dagokionez, hilaren 9an rokodromo birmoldatuaren inaugurazioa egin zuten Ganguren tabernan. 15erako, berriz, egun horretan hasi eta urriaren 31n bukatuko den Euskal Herriko mendien edo naturaren argazki lehiaketa antolatu dute. Hau gutxi balitz, erakusketa bat prestatu zuten irailaren 21erako. Azken honek, ondoko gai hauek izango ditu batik bat hizpide: lehen argazkiak, Gorbeiako gurutzearen maketak, Ganguren aterpea Arraban eta orain arteko kamisetak; astelehenetik ostiralera arte egongo da ikusgai. Nabarmentzekoa da ere bai hilabete honetan zehar horma-irudia egiten aritu direla tabernako fatxadan.

Urrian, aldiz, hilaren 9an hain justu, oroitzapen ekitaldia antolatu dute Torrezebal Kultur Etxean. Alex Txikon, Juanjo San Sebastian, Yoli Martin eta Santi Yaniz gidari izango dituen mahai-ingurua antolatzearekin batera, Gangurenen historia errepasatu eta gaur arteko lehendakariak omenduko dituzte. Aurrerago, irailaren 25ean, Santakurtzetan antolatu behar zen VI. Ganguren igoera egingo dute, goizeko bederatzietan Ganguren tabernatik hasita. 

Azarorako hitzaldi sorta bat ere prestatu dute, eta hauek guztiak mendizaletasuna izango dute elepide. Azaroaren 5ari dagokionez, emakumeek trail munduan bizi duten egoeraren inguruan arituko da Maite Maioria. Astebete beranduago, berriz, «Travesia Pirineos» hitzaldia eskainiko dute Iñigo Iruretagoienaren eskutik. Hilaren 19ari dagokionez, Xabier Zaitak Urrezko Mendiak izeneko mintzaldia opatuko du, eta azkenik, azaroaren 26an, «Prehistoria del montañismo vasco» Iñaki Garcia Uriberen bitartez. 

Bukatzeko, abenduari dagokionez, hilabetearen bigarren egunean Alex Txikonek «Naked Mountain» pelikula eta liburua aurkeztuko du Torrezabal Kultur Etxean. Gainera, bertaratutakoei liburuak eta kartelak sinatzen arituko da pelikula bukatzean. 

Azpimarratzekoa da, bide batez, hainbat ekintza prestatu nahi izan dituzten arren egun bizi dugun egoera dela eta ezin izango dituztela burutu datozen hileetan. Horren adibide dira aurretik aipatutako Mugarriz mugarri lasterketa, 75. urteurrena dela eta Galdakaoko mendietan plakak jartzearen egitasmoa, edota Galdakaoko ikastetxeekin Arrabako landara egin nahi zituzten irteerak.