Gazteei zuzendutako zerbitzu guztiak batzen dituen ‘Galdakao GazT’ estrategia jarri dute martxan
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Gazteei zuzendutako zerbitzuak «ikusgarriago eta eskuragarriago» izateko helburuz, ‘Galdakao GazT’ estrategia jarri du martxan Udalak. Honen bitartez gazteei zuzendutako zerbitzu guztiek irudi komun bat izango dute eta euren ohiko komunikazio kanaletatik bideratuko dira.
Udaleko Gazteria Arloak gazteei zuzendutako zerbitzuak eskaintzen jarraitzen du eta hemendik aurrera zerbitzu guztiek irudi komun bat izango dute eta euren ohiko komunikazio kanaletatik bideratuko dira, hori bai, ‘Galdakao GazT’ estrategiaren baitan.
Honen bitartez, Tik Tok zein Instagramek itxura gaztetua eta berritua izango dute gazteei dagokien edukiak zabaltzerakoan, esaterako. «Udalaren eta gazteen arteko harremana sendotzea da helburu nagusia», azaldu dute Galdakaoko Udaletik, martxan jartzen dituzten ekimenak «ikuspegi hezitzaile, euskaldun eta feminista batetik» garatzen direla azpimarratuz.
Horrela adierazi zuten atzo estrategiaren aurkezpenean, Amets Iturbe Gazteria zinegotziak, Aiora Azagirre Gazteria arloko teknikariak, eta Emantzipa bulegoko, Gazte BerPiztuko zein Topaguneetako
koordinatzaile eta hezitzaileek.
Honakoak dira, zehazki, Galdakaoko Gazteria arloaren zerbitzuak:
- Emantzipaziorako bulegoa: Etxebizitza, enplegua, ikasketa eta trebakuntzari buruzko informazioa ematen duen bulegoa da. 16-30 urteko gazteei bideratua dago zerbitzu berri hau.
– Helbidea: Torrezabal Kultur Etxea, 1. Pisua
– Kontaktua: 688 64 71 63 eta emantzipaziobulegoa@galdakao.eus
- GazT BerPiztu: 16-30 urte bitarteko gazteei zuzendutako programa da, aisialdian eta esparru ez formaletan gauzatzen den esku hartze hezitzailea. Gazteekin eta gazteentzat askotarikok ekimenak egiten dituzte kale hezitzaileek.
-Kontaktua: 688 68 08 40 eta gazteberpiztu@galdakao.eus
- GazT Topaguneak: 12-18 urteko gazteei zuzendutako doako udal zerbitzua da, gazteei elkartzeko guneak eskaintzen dizkiena. Taldean ondo pasatzeko ekintza berritzaileak egiten dira bertan, eta irteerak, scape room-ak, eskulanak, ginkanak, lehiaketak eta jolasak ere antolatzen dira gazteen iritzia kontuan hartuta.
- GazT Udalekuak: 12-16 urte bitarteko gazteentzako udako aisialdi eskaintza. Uztaileko hiru astetan udaleku irekian antolatzen dira ekintzak, eskulanak eta irteerak.
- Gaztedi Nerbioi Ibaizabal: Galdakaoko Udalak, eskualdeko hainbat udalekin, Nerbioi Ibaizabal Mankomunitatearekin eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin elkarlanean gauzatzen duen programa da, emantzipazioa eta gizarte eraikuntza helburu dituena. Bekak, gazte eta familientzako orientazio saioak eta STEAM tailerrak eskaintzen ditu, besteak beste.
- Itxi pa(r)kean: Udazken eta neguko ostiral iluntzetako aisialdi programa, 12-16 urte bitarteko gazteentzako. Tailer, kirol eta bestelako ekintzak egiten dira Galdakaoko auzoetan.
- Batera: 12-30 urte bitarteko gazteei osasun psikologikoarekin eta harreman afektibo sexualekin lotutako arazo, kezka eta bizipenetan laguntzeko aholkularitza, arreta eta laguntza psikologikoa emango duen zerbitzua da. Lizitazio fasean dago kontratua eta zerbitzua egonkorki aurten martxan egongo dela aurreikusten da.
Zerbitzu horiek guztiak GazT markaren barruan landuko dira, «zerbitzu integrala eskaintze aldera», eta guztiek izango dute irudi zein lanketa bateratua eta zehatza, aldi berean.