Galdakaoko udalbatzak gazteen emantzipazioa errazteko Udalak ematen dituen dirulaguntzen baldintzak malgutzea onartu zuen uztaileko osoko bilkuran. Aldaketa nabarmenenak gutxieneko eta gehienezko diru sarreren ingurukoak eta diruz lagunduko diren ehunekoei dagozkienak dira.
Galdakaoko gazteei etxetik emantzipatzen laguntzeko eta haien autonomia sustatzeko helburuz, alokairua ordaintzera bideratutako dirulaguntzak eskaintzen ditu Udalak iaztik.
Orain, dirulaguntzak gazte gehiagok jaso ditzaten, oinarri arautzaileak malgutzea onartu du udalbatzak. Erabakia uztaileko osoko bilkuran hartu zuten alderdiek, EH Bildu, UH, Auzoak eta PSE-EEren aldeko botoekin eta EAJ-PNVren abstentzioekin.
Udalak jakinarazi duenez, aldaketa nabarmenenak gutxieneko eta gehienezko diru sarreren ingurukoak eta diruz lagunduko diren ehunekoei dagozkienak dira.
Batetik, zabaldu egin dira emantzipaziorako diru laguntzak eskatzeko beharrezko diru sarreren tarteak:
- Eskaera bakarka egiten dutenek 8.400 euroko diru sarrerak izan beharko dituzte urtean, gutxienez, —lehen 10.000 eurokoa zen gutxienekoa— eta gehienezko sarrerak, lehengo 30.000 eurotik 35.280 eurora pasatuko dira.
- Eskaera egiten dutenak bi kide edo gehiagoko bizikidetza unitateak direnean, gutxieneko diru sarrerak 10.000 euroan mantenduko dira baina gehienezko diru sarrerak 53.000 euro artekoak izan ahalko dute —lehen 45.000 eurokoa zen muga—.
Bestetik, emango diren diru laguntzak ere handitu egingo dira diru sarreren arabera, behar handiena dutenek laguntza handiagoa jaso dezaten. Diru sarrera gutxien duten gazteek alokairuaren %60 jaso ahalko dute laguntza gisa.
Laguntzak jasotzeko baldintzak malgututa, baldintzak betetzen dituzten 18 eta 35 urte bitarteko gazteen artean urtean 25.000 euro banatzea aurreikusi du Galdakaoko Udalak.




