Musika
BINKE / 2021eko martxoa

«Gelditu da denbora» diska kaleratu du Kaserna talde galdakoztarrak

TESTUA: Erredakzioa
ARGAZKIA: Mirene Gonzalez

Duela astebete «Irailak 11» aurrerapen lana aurkeztu zuten Kaserna taldekoek, tartean hainbat galdakoztarrek bideoklipean parte hartuz ere. Gaur, martxoak 17, lan osoa argitaratu dute, zortzi kantez osatutako euren lehenengo diska: «Gelditu da denbora».

«Mr. Pongoren errautsetatik sortutako proiektua da Kaserna», taldeak dioen bezala. Bertako kide gehienak aurretik aritu ziren Galdakaoko musika taldean murgilduta. Orain, aldiz, bide berri bati ekin diote, kantei bestelako kutsu bat emanez.

Mr. Pongoren aldean, ska eta rock doinuak alde batera laga eta hip-hopa edota rapa jorratu dituzte haien kantetan. Halaxe aurkeztu dute egindako lehen lana, «Gelditu da denbora». Zortzi kantez osaturiko diska da hau, doinu ilun zein argi, orokorrean erritmo bizkor edo indartsu, eta erreferentzia historikoz josia.

Diska 2020ko abenduan grabatu zuten, Gaua Recording estudioan, Aitor Abioren gidaritzapean. Irudi lanetan, berriz, Mirene Gonzalez basauritarra izan dute lagun. Bera izan da diskaren azala egiten arduradun, taldearen estetika kontuetan aritzeaz gain.

Markel Fuentes (ahotsa), Iker Arana (gitarra), Urtzi Moreno (baxua), Beñat Armentia (teklatua), Mikel Fernandez (saxofoia), Bittor Meabe (bateria) eta DJ Kimosoundz kideek osatzen dute Kaserna. Diska honekin, beraz, galdakoztar talde gazte honek bere ibilbideari ekin dio. Binkeri helarazi dionez, laster hasiko da taldea lana txoko desberdinetan aurkezten.

Albiste honekin lotuta…