‘Geltoki bat Usansolo erdigunean’ solasaldia antolatuko du bihar EH Bilduk
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: BINKE
Usansoloko EH Bilduk ‘Geltoki bat Usansolo erdigunean’ solasaldia antolatuko du bihar, apirilak 10, Txapelenan. Saioan Raul Mendez EH Bilduko legebiltzarkideak parte hartuko du.
Martxoaren 20an Usansolora igaroko den Metroaren 5. lineari buruzko informazioa eskatu zuen Raul Mendez EH Bilduko legebiltzarkideak Bizkaiko Batzar Nagusietan, BINKEk jaso zuen moduan. Mendezek salatu zuenez, «alternatiben azterketa egin ondoren, Aldundiak Usansoloko udalerria metro geltokirik gabe uztea erabaki du, kudeaketa batzordeari alternatibak sakon azaldu gabe».
Hau eta gaiari buruzko beste hainbat alor azalduko ditu Mendezek bihar, apirilak 10, Usansolon. Legebiltzarkideak ‘Geltoki bat Usansolo erdigunean’ solasaldia eskainiko du.
Saioa Txapelena baserrian izango da 19:00etan eta Usansoloko EH Bilduk parte hartzera animatu ditu auzokideak: «Anima zaitez eta etorri. Usansolok tren geltoki bat behar duelako erdigunean!».