
Giza Eskubideen Emakume Defendatzaileak foroa antolatuko dute Galdakaon
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Herribabesarea
Giza Eskubideen Emakume Defendatzaileak foroa antolatuko dute martitzenean, azaroak 19, Galdakaoko udaletxeko pleno aretoan. Honetan, Saharako, Honduraseko, Kolonbiako, El Salvadorreko eta Guatemalako emakumeek euren bizipenak kontatuko dituzte.
Galdakaoko Udalak Giza eskubideen defendatzaile diren pertsonak babesten laguntzea helburu duen eta tokiko erakundeek osatzen duten Herri Babesarea ekimenarekin bat egin zuen 2020an. Euskal erakundeen sare honek bultzatzen duen lankidetza horren barruan, Mundu Bat elkarteak Giza Eskubideen Emakume Defendatzaileak lelopean sustatzen duen 6. foro ibiltaria hartuko du Galdakaok martitzenean, azaroak 19.
Jardunaldi hauen barruan, Saharako, Honduraseko, Kolonbiako, El Salvadorreko eta Guatemalako emakumeek euren bizipenak kontatuko dituzte, «galdakoztarrak mundu osoko giza eskubideen urraketei buruz hausnartu eta kontzientziatzeko, eta nazioarteko elkartasuna lantzeko helburuarekin».
Foroa herritar guztiei irekita egongo da eta hauek dira parte hartuko duten emakumeak:
- Mansoura Bachari:Saharako Emakumeen Batasun Nazionala (Mendebaldeko Sahara). Elkartea 1974an sortu zen, autodeterminazio eskubidearen alde eta Saharako gizartean eta haren garapenean emakumeek duten protagonismoa ikusaraztearen garrantziaren alde saharar herria batzeko beharraren aurrean. Horretarako, eta beste ekintza batzuen artean, emakumeek espazio politiko, soziokultural eta profesionaletan parte hartzea bultzatzen dute.
- Diana Carolina Maradiaga: Giza Eskubideen Defentsa Sare Nazionala (Honduras). Giza eskubideak defendatzen dituzten emakumeen borrokarako espazio kolektiboa da. Bere lana ekintzak babestea eta ahotsak, salaketak eta lortzen duten ezagutza zabaltzea da. Emakume defendatzaileek eta beste pertsona batzuek duten arriskua agerian uzten dute, eta haien autobabesean eta autozaintzan lan egiten dute. Herri komunikazio feminista egiten dute, irratsaioen eta sare sozialen bidez beren pentsamendua, sentimendua eta egitekoa eremu publikora eraman ahal izateko.
- Astrid Torres Ramírez: Defendatzaileak gara (Kolonbia). Giza eskubideen aldeko gobernuz kanpoko erakundeek osatutako babesgunea. Kolonbiako indarkeriak eragindako talde sozialen eta komunitateen giza eskubideak defendatzeko egiten duten lanagatik arriskuan dauden pertsonak babesteko proposamen integral bat garatu nahi du.
- Amaranta Margarita Portillo: Mélida Anaya Montes ‘Las Mélidas’ Emakumeen Elkartea (El Salvador). Erakunde feminista, emakume heldu eta gazteen ahalduntzean laguntzen duena, kultura patriarkala eta haien aurkako zapalkuntza eta bidegabekeria mota guztiak desagerrarazten laguntzeko. Aliantza estrategikoak sortzen dituzte mugimendu feministarekin eta gizarte mugimenduarekin, gizarte bidezkoagoa eta naturarekin harmoniatsuagoa eraikitzeko.
- Lin Valenzuela: Guillermo Toriello Fundazioa (Guatemala). Guatemalako lurralde aniztasunetik abiatuta, tokiko garapen prozesuak bultzatzen ditu, bake akordioen esparruan, gizartea eta demokrazia eraldatzen lagunduko duten erabakiak hartzeko proposamen gaitasunarekin. Memoria historikoaren, tokiko boterearen demokratizazioaren, landa garapen parte hartzailearen eta komunitate sarea sendotzearen alde lan egiten dute.