GKS-k bere proposamen politikoa Galdakaon ere aurkeztuko du, bihar
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Gazte Koordinadora Sozialista
«Gazte langileontzako proposamen politikoa» Euskal Herriko 43 herritan aurkezten ari da Gazte Koordinadora Sozialista, eta horien artean Galdakao ere aukeratu du. Bihar izango da aurkezpena Gandasegi eskolako areto nagusian.
Hedabideetan eta esparru politikoan harrabots handia sortzen ari da, udaratik bereziki, Gazte Koordinadora Sozialistaren —GKS siglekin ezagunagoa— jarduna. Orain, aldiz, proposamen zehatzekin datorrela iragarri du «gazte langileon proletarizazioari aurre egiteko borondatearekin» sortu den mugimendu berriak.
Proposamen horrek 30 orrialde ditu eta «Gazte langileontzako proposamen politikoa» du izena. Urriaren 7an iragarri zuten proposamen hori Euskal Herriko 43 herritan aurkeztuko zutena, eta tartean Galdakao ere badago. Bihar, hilak 27, egingo dute aurkezpena Gandasegi eskolako areto nagusian, 18:30ean hasita. Ostean luntxa ere eskainiko dutela iragarri dute GKS-koek.
«Estatu Sozialistaren bidean, gazte langileok borrokara!» lemapean, gazte antolakunde sozialistak «klaserik gabeko gizartearen eraikuntza dauka helburutzat, bai eta zapalkuntza eredu guztien gaindipena ere». Galdakaon ere aurkeztuko duten proposamen politikoak bere aldetik 12 ildo nagusi omen ditu, mugimenduaren esanetan: «Lan baldintza berdinak guztiontzako, gazteon lan baldintza prekarioekin amaitu, oinarrizko bizi bitartekoak bermatu, denbora librerako eta norberaren garapen askerako baldintzak sortu, ingurugiroaren suntsipena borrokatu, indarkeria matxista borrokatu, pobreziaren normalizaioari aurre egin, despolitizazioari aurre egin, enpresarien interesetara dagoen hezkuntza ereduarekin amaitu, hezkuntza edukiz husterari ez —autoritarismoa borrokatu—, gazte langileon aurkako kriminalizazioarekin eta jazarpenarekin amaitu eta eskubide politikoak borrokatu».